Series X zein S eraberrituko dituzte, baina potentzia bera mantenduz. 2024rako aurreikusita dituzte.

Xboxekoek Activision Blizzard bereganatzeko bidea luzea egiten ari da, baina ez da Redmond-ekoak gora-goraka ibiltzeko arrazoi bakarra: Amerikako Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalak (FTC) egindako salaketak argitzeko epaiak hainbat barne dokumentu eta txosten argitaratzeko balio izan du. Horien artean daude Series kontsola berriak zein euren agintea.

Hasteko, datu garrantzitsua argitu beharra dago: txostenotako asko aspaldikoak dira, beraz bertan agertzen diren datuak zaharkituta egon daitezke. Gailuak eta jokoak dagoeneko alboratuta egon ahal dira, esaterako, edo gaur egun zerbait guztiz desberdina daukate esku artean.

Horrela, Xbox Series X eta S gailuen modelo berriak prestatzen dabiltzala helarazi diote publikoari. Bi kontsolak datorren urteko ekainean iragarriko lirateke. Ez dute aldaketarik jasoko indar aldetik; hori bai, eraginkorragoak izango dira energetikoki, eta konektibitate sistemetan berritasunak ekarriko dituzte.

Brooklyn kode izena jarri diote Series X berriari: forma zilindrikoarekin, originalaren diseinu karratutik guztiz urrunduko da. 2 TBko memoria edukiko du, aurrekoarena bikoiztuz. Harrigarriena, ordea, disko irakurgailuari agur esango diotela da: joko digitalekin funtzionatuko du soilik.

Wi-Fi 6E eta Bluetooth 5.2 konektibitate sistema eguneratuak ekarriko ditu latentzia hobetzeko, gainera. Energia iturriaren kontsumoa % 15 murriztuko da Series X eguneratuan. 6nm-ko trokelekin eraginkortasuna hobetzea bilatuko dute, bukatzeko.

Prezioa eta aurreikusitako kaleratze data ere ageri dira zabaldutako dokumentuan: 499 dolarretan merkaturatuko lukete 2024ko urri amaieran.

Series S eraberrituari Ellewood izena jarri diote enpresan. Berritasun gutxi azpimarratzen dira txostenean: TB 1eko memoriarekin etorriko da. Ez dugu halakorik irakurri, baina Series Xren konektibitate ezaugarri berriekin merkaturatuko dela suposa dezakegu: disko irakurgailuari uko egingo dio, Series S originalak egin bezala.

Modelo berriekin etorriko den aginteak azken urteotan Xboxen mandoek jasotako eguneratzerik handiena izango dela dirudi. Sebile deitua, era guztietako berritasunak aipatzen ditu dokumentuak.

Elite 2 agintearen antzeko diseinua ageri da irudietan: zuri beltza, eta kolore griseko botoiekin. Hori gutxienekoa da, baina: azelerometroarekin giro funtzioak ekarriko ditu azkenik Xbox kontsoletara. Botoi isilagoak nabarmentzen dituzte —egungo mandoaren kritika hedatuenetakoa—, eta stick-ak modularrak izango dira, Elitekoak bezala.

Feedback haptikoa ere aipatzen da. Horri lotuta, VCA haptikoek bozgorailutzat funtziona dezaketela diote, auskalo zer adierazi nahi duten. Bateriarekin etorriko da, ahaztu pilak beraz: hau erraz aldatu ahalko da.

Konektibitate aldetik Xbox Wireless 2 eta Bluetooth 5.2 aipatzen dira, baina “hodeira zuzenean” deitutako ezaugarria. Horrez gain, hainbat gailutara aldi berean konekta dezakegu: bata bestearen artean aldatzeko sistema aipatzen dute Microsoftekoek. Mandoa eskuetan hartzen dugunean bakarrik piztuko da.

Sebile agintea 69 dolarretan merkaturatzea aurreikusten dute Xboxekoek; 2024ko maiatz bukaeran estreinatuko lukete.

 

Belaunaldi berria, 2028rako

FTCren helegitean zabaldutako dokumentuek bestelako informazioa eskaintzeko ere balio izan dute.

Egungo kontsolen bertsio eraberrituetara mugatu gabe, etorkizuneko belaunaldi berriari buruzko datuak eman dizkigute: Xboxen hurrengo kontsola 2028rako prest egotea nahi dute Microsoftekoek.

Ez da, baina, ohiko kontsola berria izango: gailu hibridoetan pentsatzen dabiltza. Horrela, berezko indarra hodeiarekin erabiltzea dute helburu; buruan aspalditik dituzten ideiak, alegia.

Izpien trazadura, argiztapen global dinamikoa, errenderizazio aukera berriak eta gehiago aipatzen dira, baina hauek guztiak 99 dolarretako gailuetan mugitzea gura dute lainoaren botereaz lagunduta. Gailu hori mugikorra izan daiteke, adibidez: argi dago oraindik zehazteko asko dagoela arlo honetan.

 

Bideojokoak ezagutzen

Etorkizuneko bideojokoak izan dira txostenetan jorratutako beste gaietako bat. The Elder Scrolls IV: Oblivion eta Fallout 3 klasikoen bermasterizazioak, Doom Year Zero, Ghostwire Tokyo-ren jarraipena, Dishonored 3 eta gehiago aipatzen dira.

Arestian aipatu modura, datuak aspaldikoak dira: ez luke inor harrituko Ghostwire Tokyo 2 bertan behera utzi izanak originalaren arrakasta urria ezagututa.

Xbox Cloud Gaming zerbitzuaren hedapena ere zehazten da txostenotan: orain arte Xboxeko jokoetara mugatua zegoen, hauetan kontsolan zein ordenagailuan jokatzea ahalbidetuz. Etorkizunean, ordea, PCko tituluetan jokatzeko aukera inplementatuko lukete.

The Elder Scrolls VIri buruzko informazioa ere ikus daiteke dokumentuotan.