“Inoiz ikusitako potentzia handieneko kontsola” modura bataiatu dute sortzaileek. 12 teraflops, 8Kra arteko bereizmena eta 120 irudi segunduko jokoak izango dituela agindu dute.

Iazko E3an kontsola berriaren lehen datuak iragartzen hasi zen Microsoft; otsailean zer nolako itxura izango duen ikusi ahal izan genuen. Orain arte, baina, ez ditugu Xbox Series X kontsolaren zehaztapen tekniko guztiak ezagutu.

Microsoftek horien berri eman du bere webgunean argitaratutako testu baten bidez. Nola ez, “inoiz ikusitako potentzia handieneko kontsola” izango dela azaldu dute Xboxeko arduradunek. Zehaztapen teknikoekin hasita, CPU aldetik 3.8GHz-tara ariko diren zortzi nukleoko prozesadorea edukiko du kontsolak bere barnean.

Horri laguntzen 12 teraflops-etara ariko den GPUa egongo da. Microsoftek azaldu duenez, “hasiera-hasieratik 12TFLOPs-etara iristea izan da helburua”.

Zehaztapen teknikoak

Prozesadorea 3,8 GHz-etara ariko diren 8x nukleo (3,66 GHz SMT-rekin) Custom Zen 2 CPU
Txartel grafikoa 12 TFLOPS, neurrira egindako 52 CUs @ 1,825 GHz RDNA 2 GPU
Zirkuituaren tamaina 360,45 mm2
Litografia 7nm+
Memoria 16 GB GDDR6 320mb-eko memoria busarekin
Memoriaren banda zabalera 10GB @ 560 GB/s, 6GB @ 336 GB/s
Barne memoria Neurrira egindako TB 1eko NVME SSD
Transferentzia tasa 2,4 GB/s (Raw), 4,8 GB/s (konprimituta)
Irakurketa eta idazketa tasa 1 TB Expansion Card
Kanpo memoria USB 3.2 (HDDrako euskarriarekin)
Irakurgailu optikoa 4K UHD Blu-Ray Drive
Errendimendu helburua 4K 60 irudi segundura; 120 irudi segunduko muga

Laburtzeko, Microsoften helburua 60 irudiko segundura aritzea izango da 4K-ko bereizmenean; hori bakarrik ez, kontsolak 8Kra arteko bereizmena (“8K Ready”) eta 120 irudi segunduko jokoak izango dituela agindu du.

Digital Foundrykoek, bestalde, zehaztapen teknikoak argitzeko bideoa argitaratu dute beraien Youtubeko kanalean. Bideoarekin batera Eurogamer webgunean kontsolaren zehaztapenen berri ere eman dute DFkoek.

Xbox Velocity Architecture izeneko tresna ere aipatu du Microsoftek. Horri esker Series Xan jokatutako Xbox Oneko eta Xbox 360ko jokoek “errendimendu hobekuntzak” jasoko dituztela azaldu dute. Besteak beste, “karga denboren murrizketa, frame rate egonkorragoak edota bereizmen handiagoak” edukiko dituzte.

Bukatzeko, Xbox Wireless Controller berriaren inguruan aritu da Microsoft. “Euste testurizatua, D-Pad hibridoa eta edukiak partekatzeko aukera” eskainiko ditu Xbox, PC eta mugikorrentzako kontrolagailu eguneratuak.

 

Analisten arabera koronabirusaren ondorioz Xbox Series Xren argitaratze data atzeratu egingo dela entzun da azken egunetan. Hala ere, Microsoftek hasierako data mantendu du: egun zehatzik eman gabe, 2020ko gabonetan kontsola berria saltokietan egongo dela azpimarratu dute Redmondekoek.