Xboxen etorkizunari buruz mintzatu dira enpresako arduradun nagusiak: hardware belaunaldi berria prestatzen dabiltzala iragarri dute.

Xboxek jauzi multiplataforma emango du. Etorkizunaren inguruan hitz egiteko prestatutako podcast ofizialean Xbox Game Studios-en lau bideojoko beste kontsoletan merkaturatuko dituztela ezagutzera eman dute Phil Spencer, Sarah Bond eta Matt Booty Xboxeko arduradunek.

Ez dute, baina, zeintzuk izango diren zehaztu; hori bai, ez dira Starfield edo Indiana Jones and the Great Circle izango, Phil Spencer Microsoft Gamingeko zuzendariaren arabera.

Multiplataformak iragartzearen ardura garatzaileek edukiko dutela adierazi du Spencerrek. Hala ere, datu batzuk eskaini ditu: Xboxen zein PCan urtebete baino gehiago daramaten jokoak bilatu dituzte jauzia emateko. Gainera, bi joko komunitatean ardaztutakoak izango direla nabarmendu du; beste biak obra txikiak izango dira, bestalde, “ez dituztenak inoiz esklusibotzat hartu”.

Azken asteotan denetariko zurrumurruak eta filtrazioak ikusi ditugu, baina indar gehien Sea of Thieves, Hi-Fi Rush eta Pentiment jokoei lotutakoak izan dira. Lehenengoa lagunartean eta komunitatearekin gozatzeko abentura izanik, Spencerrek esandakoari lotuta egongo litzateke; beste biak estudio ezagunek garatutako —Tango Gameworks eta Obsidian Entertainment— joko bikainak dira, baina ez dute AAA marka lortzen.

Azkena, sarean zabaldu denez, Obsidianen beste titulu bat izango litzateke: Grounded. Biziraupena, taldelana eta rol jokoak bilduta, Xboxetik esandakoa jarraituko luke.

PlayStation-en nahiz Nintendo-ren kontsolei helduta jokalariei Xboxenganako interesa piztea dute helburutzat Microsoften; izan ere, datozen urteotan esklusiboek industrian indarra eta garrantzia galduko dutela aldarrikatu du Spencerrek. Dena den, ez du Xboxen joko “guztiak iritsiko direla” pentsatzerik nahi: ez du beste titulurik iritsiko denik hitzematen… oraingoz, behintzat.

 

Xboxen berritasunak

Kanpoko plataformez baino gehiago hitz egin dute podcastean, Xboxeko jokoak zein hardwarea protagonista izan baitira. 2024an hamar bideojoko handi kaleratuko dituztela aditzera eman dute; ekaineko Xbox Games Showcase aurkezpenean ezagutuko omen ditugu guztiak.

Kontsolen belaunaldi berria zen jokalarien zalantza handietako bat, eta horri ere erantzun diote. Hurrengo gailua prestatzen dabiltzala adierazi du Sarah Bond Xboxeko arduradun nagusiak, “orain arteko jauzi teknikorik handiena” emango duela azpimarratuta.

Gabonetan edukiko dugu honen berri, printzipioz. FTCren epaian zabaldutako txostenetan eta dokumentuetan Xbox Series kontsolen modelo eraberrituak ezagutu genituen —euskarri fisikoa alboratuko dutela dirudi—, baina gailu hibridoak sortzeko asmoa ere agertzen zuten Microsoftekoek.

Atzera begira jartzeko ere aprobetxatu dute, aspaldiko bideojokoak eta retrobateragarritasuna aipatuz. Hurrengo belaunaldian aurrekoetako tituluak erabiltzen jarraitu ahalko dugula dio Bondek, eta ez hori bakarrik: gordetako partidak nahiz gurutzatutako jokoa mantentzen jarraitu gura dute.

 

Game Pass-a, Xboxen baino ez

Xbox eta PC Game Pass harpidetza izan da, nola ez, podcastean nabarmendutako beste gaietako bat. Microsoften gailuetan jarraituko duela adierazi du Spencerrek; hau da, momentuz ez daukate PlayStationera edo Switchera eramateko asmorik.

Erabiltzaile zifren eguneratzea publiko egin dute: 34 milioi harpidedun ditu zerbitzuak. 2022ko urtarrilean eskaini zuten azken zifra: ordu hartan 25 milioi erabiltzaile aipatu zituzten.