Xbox Series Xrekin batera Series S kontsola iragarri dute. Irailaren 22tik aurrera erreserbatu ahalko dira.
Kostata, baina Microsoftek azkenik baieztatu du belaunaldi berriko kontsolaren argitaratze data eta prezioa. Xbox Series X azaroaren 10ean iritsiko da saltokietara. Series Xrekin batera Xbox Series S kontsola kaleratuko dute Redmondekoek.
Series X 499 eurotara salduko da; anai txikia berriz, 299 eurotara. Kontsola txikiagoa izango da Series Sa, “Series Xren barruan sartzeko bezain txikia”: zehazki, %60 txikiagoa izango da. GPU aldetik 4TF RDNA2 bat edukiko du, horrela Xbox One Xren besteko indarra izanik. Halere, Series Sa “1080p-ko bereizmenean jokatzeko prest egongo da, irudi tasa hobeagoarekin”. Joko batzuetan 1440p-ko bereizmenera iristea lortuko du, 120 fps-etara; 4K-ko upscaling-a ere aipatzen dute Microsoftekoek. Ziur asko Xbox Oneko jokoekin lortuko du bereizmen horretara iristea.
SSDa izango du, noski: 512GBeko SSD NVME-a edukiko du. Raytracinga ere ikusiko dugu kontsola txikian. Series Sak ez du irakurgailu optikorik edukiko: Playstation 5aren Digital Editionarekin gertatu bezala bideojoko digitaletara jolasteko balioko du Microsoften kontsola txikiak.
Microsoftek jakitera eman duenez, erreserbak egiteko epea irailaren 22an hasiko da. Kontsola berriei buruzko informazio guztia Xboxen blogean irakurri daiteke.
EAko jokoak Game Passarekin bat
Kontsolaren argitaratze datarekin batera Xbox Game Passaren barne egongo den ezaugarri berria iragarri dute. Xbox Game Pass Ultimatek eta PCko harpidetzak EA Play zerbitzuko bideojokoak batuko ditu.
Modu horretara EAren 60 obra baino gehiagotara jokatuko ahalko dute harpidetzaren erabiltzaileek: FIFA 20, Titanfall 2 eta Need for Speed Heat daude horien artean, baita Battlefield, Sims edo Mass Effect sagetako jokoak.
Iruzkinak