100 bat bideo-jokotara streaming bidez eta nabigatzailetik jokatzea ahalbidetuko du froga honek.

Project xCloud bezala jaioa, Xboxek bere Game Pass Ultimate barnean gehitutako hodei bidezko jokoa laister iritsiko da Windows eta iOS gailuetara. Orain arte Android mugikorretara eta tabletetara soilik mugatutako zerbitzu honek beta fasea hasi du Microsoften eta Applen gailuetan.

Xboxek bere blogean egindako iragarpenean adierazi duenez, Xbox Game Pass Ultimate zerbitzuko harpidedun batzuk hasi dira dagoeneko beta honetan parte hartzeko gonbidapena jasotzen. Izan ere, streaming bitartez Xboxen zerbitzuko lanetara jokatu ahal izateko Ultimate harpidetzako erabiltzailea izan beharra dago.

Modu horretara, beta honekin Windows 10 duten PCetan eta iOS mugikorretan zein tabletetan nabigatzailea erabilita 100 bat bideo-jokotara aritzea posible egiten du zerbitzuak. Androiden, baina, aplikazioaren bidez jokatu daiteke dagoeneko: Applek iOSerako aplikazio horren argitalpena blokeatu egin zuen, “beraien katalogoa kontrolpean edukitzeko arazoak argudiatuta”. Aplikazio horretako salmentak Applen eskuetatik kanpo geratuko ziren, beste aplikazio batzuentzat nahitaezkoak diren egiaztapenak albo batera utzita.

Hori horrela, Microsoftek beste bide bat jarraitzea hautatu zuen nabigatzaile bidez jokatzeko prestaketak eginez. Halere harritzekoa da Windows 10ean ere horrela funtzionatzea hodei bidezko jokoak, Xboxen aplikaziotik egin beharrean. Chrome, Safari eta Edge nabigatzaileetatik xbox.com/play helbidera sartuta erabili daiteke streaming zerbitzua.

Beta 22 herrialdetan martxan jarri dute: honen helburua funtzionamendua hobetu eta euskarri mota guztien arteko desberdintasunak orekatzea dela diote Xboxekoek. Bertako jokoetara aritzeko gailuekin euskarria daukaten bluetooth bidezko aginteak beharrezkoak dira; hala ere ukipen-pantailentzako euskarria prestatu dute zerrendako 50 bat jokorentzat.

 

Xbox Game Pass, Microsoften jokoen etorkizuna

Xbox apustu gogorra egiten ari da bere Game Pass zerbitzuarekin. Joan den irailetik Microsoften hodei bidezko jokoan aritzeko bide bakarra izateaz gain hainbat garatzaile eta enpresekin elkarlana egin eta zerbitzua handitzeko lanean ibili dira azken hilabeteetan.

Joan den urte bukaeran EA Play zerbitzuko jokoak gehitu zituzten Game Passera (horiek PCra aurten iritsi diren arren), eta Bethesda erosi ondoren horien hainbat obra ere jaso zituen Xboxen harpidetza zerbitzuak. Horiez gain Xboxen joko propioak argitaratzen direnean jarraian jasotzen dituzte harpidedunek, beste garatzaile batzuek prestatutako jokoen zerrenda luzearekin batera.