Perfect Dark edo ZeniMax Online Studios taldearen MMORPG berria bertan behera geratu dira.

Microsoft enpresak lantaldearen % 4 kaleratuko du, eta erabakiaren lehen ondorioak ezagutzera eman dira. Bideojokoen dibisioari dagokionez, proiektuak zein estudioak itxi dituzte, besteak beste, aspalditik ezagututako tituluak desagerrarazita.

Matt Booty Xbox Game Studios-eko arduradunak The Initiative estudioa itxiko dutela iragarri du enpresaren barne txosten batean. Horrekin batera, taldea garatzen zebilen Perfect Dark desiratua bertan behera geratu da: ez dugu Joanna Dark agentearen abentura berrian jokatuko. 2021ean ezagutu genuen proiektua: hainbat urtez isilpean egon ondoren, iazko Xbox Games Showcase aurkezpenean ikusi genuen mugimenduan lehenengoz, itxura interesgarriarekin:

Gauza bera gertatzen da Elder Scrolls Online arrakastatsuaren egileen titulu berriarekin; horrela, ZeniMax Online Studios prestatzen zebilen MMORPG titulua ezagutu gabe geratuko gara. Blackbird kode izena zeukan proiektuan 2018. urtetik zebiltzan lanean.

Atzoko albistean aipatu modura, Everwild da Xboxek deuseztatutako beste jokoa. Rare estudio britainiarraren proiektua 2019an ezagutu genuen, baina 2014. urtean jaiotakoa da. Mundu basati bezain koloretsua esploratzera eramango gintuen akzio abentura ederra zen Sea of Thieves-en sortzaileena.

 

Agur Rareren sortzailerik mitikoenari

Everwilden itxieraren ondorioz, itxura batean behintzat, Rarek bere burua galdu du. Gregg Mayles zuzendariak Rare estudioa itxi duela aurreratu dute VGC ataritik.

Sortzaile beteranoa Rareko lehen urteetan hasi zen lanean: 1990eko Solar Jetman-en eman zituen bideojokoen munduko lehen pausoak. Ordutik hona proiektu askotan lan egindakoa, Banjo-Kazooie maitatuaren zuzendaria izan zen, baita azken Sea of Thieves arrakastatsuarena ere.

Microsoftek 9.000 langile inguru kanporatuko dituela iragarri zuen atzo arratsaldean. Itxiera eta zifra guztiak ezagutzear badaude ere, Xboxen bideojokoen dibisioko estudio eta talde guztiei eragingo diela dirudi, ikusi dugun bezala, estudioak zein proiektuak desagerrarazita.