Doako tiro jokoa maiatzean estreinatu zen. Azken hilabetean mikroerosketak egin dituztenei diru itzultzeak agindu dizkie.

XDefiant itxi egingo duela iragarri du Ubisoftek. Egileek 2025eko ekainaren 3an tiro jokoaren zerbitzariak bertan behera utziko dituztela aurreratu dute prentsa ohar ofizialaren bitartez.

Insider Gaming webguneko Tom Henderson-ek aurreratu du albistea, baina ia jarraian Ubisoften mezu ofiziala ikusi dugu. “Mezu garrantzitsua: XDefiant itzaltzera doa”, diote sare sozialetan. Bidaia “gehiegizkoa” bilakatu dela aipatzen du Mark Rubin ekoizleak, “lortutakoa nabarmentzekoa dela” aldarrikatuz. Tituluaren jokalariei eskerrak eman dizkie “eskainitako babesagatik”.

Itzaltze prozesua gaur abiatu dute: “Deskargak, izen emateak eta erosketak bertan behera geratu dira”. Maiatzean estreinatu zen Call of Duty-rekin antzekotasun handiak zituen; Ubisoften frankizia desberdinetako pertsonaiak eta girotzea zituen doako tiro jokoa PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein PCan —Ubisoft Connect eta Epic Games Store plataformen bidez, noski— argitaratu zen.

Lehen egunetan jokalarien zifra esanguratsua erakartzea lortu bazuen ere, argi dago ordutik hona ez dituztela aurreikusitako emaitzak eskuratu; aspalditik izan dugu XDefiantek jokalariak mantentzeko zituen arazoei buruz.

Esan bezala, ekainetik aurrera ezingo dugu jokatzen jarraitu. Hala eta guztiz ere, aldez aurretik iragarritako hirugarren denboraldiarekin jarraituko dute egileek.

Zorionez, ordaindutakoa itzuliko zaie jokalari gehienei. Alde batetik, azken hilabetean joko barruan egindako mikroerosketen diru itzultzeak baieztatu dituzte Ubikoek. Bestetik, Ultimate Founders Pack edukia erosi zutenek ere dirua bueltan ikusiko dute.

 

Kaleratutako 280 langile

Ubisoftek arazo larriak ditu esku artean. Stephen Totilo kazetariak jakinarazi duenez, XDefianten taldea osatzen zuten erdiak kaleratuko ditu Ubik; gainerakoak beste talde batzuetara lekualdatuko ditu.

Ubisoft San Francisco izanik XDefianten talde nagusia, hau itxi egingo dutela adierazi du Totilok —bulegoak martxan jarraituko du, baina bideojoko estudio gabe—; ez hori bakarrik, Ubisoft Osaka ere bertan behera utziko da, eta Ubisoft Sidney estudioa txikiagotu dute. Guztira, 280 langile inguru kanporatuko dituzte.

San Franciscoko taldearen egoera ez omen zen batere ona. Hendersonek martxoan argitaratutako artikuluan adierazten zuenez, toxikotasuna nagusi zen estudioan. Langileek hainbat arazo zituzten arduradun nagusiekin, gehiegizko lana nagusituz, eta garatzaileek sortutakoak oztopatzeko ahaleginak ikusiz. Langile batzuen arabera, egoera ez da Ubi SFra mugatzen, “Ubisoften orokorrean gertatzen dena dela” aldarrikatzen baizuten.

Gainbehera argia bizi du Ubik. Star Wars Outlaws-ekin ez zituzten esperotako salmentak lortu, taldeari kolpe gogorra emanez; horren ondorioz, Assassin’s Creed Shadows 2025era berandutzea erabaki zuten, negozio eredua goitik behera aldatuz. Prince of Persia: The Lost Crown-en taldea desegin dute, gainera, porrot egin ostean.