Borrokalarien ezaugarri guztien berri eman du Masahiro Sakurai zuzendariak. 11.0.0 eguneraketa argitaratu du Nintendok.
Super Smash Bros. Ultimaten Fighter Pass eduki gehigarria hazten doa. Oraingo honetan Xenoblade Chronicles 2ren pertsonaia nagusietako batzuk gehitu ditu Masahiro Sakurai eta bere taldeak: Rex kanpoan geratu bada ere, Pyrarekin eta Mythrarekin jokatzeko aukera dute jada borroka jokoaren jarraitzaileek.
Ohi bezala, Sakuraik pertsonaia berrien xehetasun guztiak azaltzeko aurkezpen sakona prestatu du. Estudiotik kanpo geratu da berriz zuzendaria; beste batez etxetik grabatu behar izan du bideoa pandemiaren eraginagatik.
Pyra eta Mythra, jatorrizko jokoan gertatu modura, elkartuta dauden bi pertsonaia dira. Super Smash Broseko aurreko ataletan Zelda eta Sheikekin egin bezala Pyra eta Mythraren artean edozein unetan aldatu dezakete jokalariek. Biek mugimendu berberak dituzte, baina ahalmen berezi eta estatistika desberdinekin.
Pyra motela da, baina boteretsua. Bere erasoetako asko benetan hilgarriak izan daitezke, Sakuraik erakutsi bezala. Mythra, aldiz, azkarra da. Mugimendu bizkorrak edukitzeaz arren ziztu bizian eraso dezake; ziurrenik bien artetik erabiliena izango da arrazoi horregatik, Smasheko borrokalari bizkorrenak baitira boteretsuenak normalean. Final Smash eraso indartsuak ere desberdinak dira bi kasuetan: Pyraren mugimendua arerioak kanporatzera zuzenduta egongo da, eta Mythrarenak min gehiago egiteko balioko duela aldarrikatu du zuzendariak.
Borrokalariekin batera, nola ez, borrokaleku berria ikusiko dute jokalariek: Cloud Sea of Alresten izaki erraldoi ikaragarriak agertuko dira lainoen itsaso batean. Jokalariak titan baten gainean ariko dira borrokan, atzealdeko ikuspegi ederraz gozatzen duten bitartean.
Mii borrokalarientzako jantziak ere gehitu ditu 11.0.0 eguneratzeak. Monster Hunter Rise estreinatzeko dagoenez, Capcomeko saga famatuaren jantziak gehitu dituzte gehienbat. Horrez gain Ghosts ‘n Ghoblinseko Arthurren armadura gaineratu dute, Ghosts ‘n Goblins Resurrection remakea kaleratu berri dela ospatzeko.
Bukatzeko, era guztietako orekatze lanak eta aldaketa txikiak dakartza azken eguneraketa honek. Aipatutako eduki guztiak dagoeneko erabili daitezke Fighter Pass Vol. 2 erosita izanez gero. Eduki gehigarri honek Min Minekin, Stevekin eta Sephirothekin jokatzea ere ahalbideratzen du. Beste bi borrokalari falta dira oraindik pase honen barnean: laster ikusiko ditugula agindu du Sakuraik.
Iruzkinak