Monolith Soft garatzaile japoniarrak bere JRPG frankiziaren atal berria aurkeztu zuen atzoko Nintendo Direct-ean; Switch-eko esklusiboa izango da.
Aurkeztutako nahiz iragarritako proiektu guztien artean, atzoko plater nagusia izan zen zalantzarik gabe Xenoblade Chronicles 3. JRPG abenturarako ez da askorik itxaron beharko: Monolith Softekoek irailerako prest edukitzea aurreikusten dute.
Bigarren atalean zein Wii U-rako kaleratutako Xenoblade Chronicles X jokoan ikusitako atal estetikoak batzen dituela esan daiteke: grafiko koloretsuak ditu proiektuak, baina anime estetika pixkat murriztuta; are gehiago, lehenengo eta bigarren jokoetako munduak “konektatu” egingo dituela adierazi dute garatzaileek.
Tetsuya Takahashi zuzendaria zaleei zuzendu da lehen Xenoblade Chroniclesen amaiera eta bigarrenaren hasiera lotzeko. Antza denez, trailerreko azken eszenak horrekin lotura dauka. Istorioak eskaintzeko duena ulertzeko aurreko jokoak gaindituta izatea ezinbestekoa izango da; hala ere, hasiberrientzako joko entretenigarria garatzen dabiltzala nabarmendu du zuzendariak.
Hori bai, frankiziako gune erraldoiak eta robot ikaragarriak ikusiko dituzte beste batez jokalariek. Jostagarritasunaren zertzelada batzuk ikus daitezkeen arren, ez dute borrokarik erakusten bideoan; horren ordez, gehienbat itxura aparta duten zinematikak bildu dituzte.
Noah eta Mio deitutako gazteak izango dira protagonistak, baina garrantzi handiko pertsonai gehiago egongo dira Keves eta Agnus izeneko herrialdeen arteko gerra erraldoian.
Xenoblade Chronicles 3 irailean merkaturatzean kontsola bakarrera iritsiko da: Nintendo Switcheko esklusiboa izango da JRPGa.
Iruzkinak