20 minutuko Nintendo Direct aurkezpenean uztailean kaleratuko den Monolith Software-n JRPG abenturari buruzko xehetasun guztiak eskaini dituzte.
Agindu bezala, Nintendokoek atzo arratsaldean eman zuten Xenoblade Chronicles 3 JRPGari zuzendutako Nintendo Direct aurkezpen berezia. Bertan jokoaren ezaugarriak eta jokagarritasun mekanikak sakontasunean ezagutzeko aukera izan genuen: protagonisten berri eman, mundua erakutsi, borroken funtzionamendua azaldu eta askoz gehiago egin zuten arduradunek.
Aionios izeneko mundua esploratu beharko dugu oraingoan. Protagonistei dagokienez, sei izango ditugu hirugarren atal honetan: Keves erresumaren aldetik Noah, Eunie eta Lanz egongo dira; Agnus erreinuan, berriz, Mio, Taion eta Sena ezagutuko ditugu. Bakoitzak bere testuingurua eta istorioa edukiko du, baina azkenik guztien helburua berbera izango da: Aioniosek bizi duen egoera latza zuzentzea.
Era guztietako borroketan parte hartu beharko dute horretarako. Mezuekin eta menuekin betetako interfazea aurkeztu duten arren, pertsonaia guztiak kontrolatzea erraza izango dela dirudi. Hala izan beharko da, sekulako arerioen aurka ibiliko gara-eta. Zorionez, abilezia benetan bereziak erabiliko dituzte pertsonaiek: Interlink deitutako ahalmenari esker bikote zehatzek fusio bereziak burutuko dituzte. Anime estiloko robot itxurako Ouroboros izaki erraldoien forma hartuta, etsaiak akatzea erraztuko du baliabide honek.
Pertsonai motetan ere sakondu dute: nahi duen rola hartuko du protagonista bakoitzak. Ezpatariak, sendalariak, taktikoak, zaindariak eta beste hainbat izango dira hauek; edozein unetan alda dezakegu pertsonai bakoitzaren rola. Hori egiterakoan erropaz aldatuko dira; hala ere, nahi izanez gero jatorrizko jantziak errespetatzeko aukera emango digu jokoak. Ondo etorko da, protagonista guztiei rol bera jarrita antzeko erropak eramango baitituzte.
Sei protagonista aipatu arren, borroketan zazpi heroi kontrolatuko ditugula azpimarratzekoa da. Zazpigarrena guk errekrutatutako heroia izango da: Aionisko bizilagunak gure taldera gehi daitezke beren abileziekin laguntzeko.
Aionios esploratzea gozamen hutsa izango dela nabarmendu behar da. Askotariko izaki bizidunak ikusiko ditugu bioma desberdinetatik sakabanatuta; argi dago aniztasuna ardatza izango dela. Gau eta egun ziklo dinamikoak ikusiko ditugu, eta horren arabera aurkituko ditugun izakiak aldatzen joango dira. Hiriak eta herrixkak ere bisitatuko dituzte protagonistek, noski: pertsonai berriak ezagutzeaz gain bertan erosketak egiteko, sukaldatzeko eta beste hainbat jarduera gauzatzeko aukera edukiko dugu.
Eduki gehigarriak ere aipatu dituzte Monolithekoek. Expansion Pass deitutako bildumarekin istorio berriak, protagonistak, armak, erropak, misioak eta gehiago eskaini nahi dituzte. DLC honen edukiak uztailean bertan banatzen hasiko dira, baina datorren urtera arte luzatuko dituzte argitalpenak.
Xenoblade Chronicles 3 uztailaren 29an estreinatuko da Nintendo Switch kontsolan.
Iruzkinak