MonolithSoft-en JRPG abentura otsailean aurkeztu zen. Jostagarritasuna eta istorioa ezagutzera emateko trailer sakona prestatu dute.
Arraroa izaten da, baina zenbaitetan bideojokoen argitaratze datak aurreratu egiten dituzte enpresek. Hori izan da Xenoblade Chronicles 3ren kasua: Nintendokoek uztailaren 29ra aurreratu dela iragarri dute trailer baten bitartez.
Otsaileko Nintendo Direct aurkezpenean iragarritako JRPG abentura irailean estreinatuko zela ezagutzera eman zuten hasiera batean. MonolithSoft garatzaile japoniarraren frankizia ezagunaren atal berria izango da: trailerrarekin batera bere mundua aurkeztu dute garatzaileek.
Hiru minututan heroiak zein bilauak, robot erraldoiak, horiek guztiak lotuko dituen istorioa, denbora errealeko borroka ikusgarriak eta mundu anitza aurkeztu dituzte. Borrokak dira, hain zuzen ere, bideoak dakarren berritasunik esanguratsuena: hauek abian ikusten ditugun lehen aldia da.
Aldi berean zazpi pertsonai kontrolatzeko aukera izango dugu horietan. Bakoitzak bere klase propioa edukiko du, baina arduradunek aurreratu dutenez, hauek aldatzen joateko aukera ere egongo da; era horretara, talde pertsonalizatua sortzeari ekingo diogu.
Interlink deitutako mekanika ere aipatzen da prentsa oharrean: protagonisten bikote zehatzek —Noah eta Mio, Lanz eta Sena nahiz Eunie eta Taion nabarmentzen dira— eraso eta ekintza bereziak egin ahalko dituzte elkarlanean.
Atal grafiko aldetik prestatzen dabiltzala benetan nabarmentzekoa da. Borroketan era guztietako efektuak ikus daitezke aldi berean pertsonai eta izaki kopuru erraldoia mugitzen ari den bitartean.
Bildumagileentzako edizio berezia ere aurkeztu dute. Arte liburua eta steelbook erako kaxa izango ditu, eta My Nintendo Store bidez bakarrik eskura daiteke.
Tetsuya Takahashi zuzendariak azpimarratu zuenez, lehen bi Xenoblade Chroniclesekin lotura estua izango du hirugarrenak; hala eta guztiz ere, hasiberriei zuzendutako atala izango dela ziurtatu zuen garatzaileak.
Xenoblade Chronicles 3 uztailaren 29an argitaratuko da Nintendo Switch-ean.
Iruzkinak