Monolith Soft talde japoniarrak 2015ean argitaratu zuen jatorrizko jokoa. Bertsio berria eduki gehigarriekin eta hobekuntzekin helduko da kontsola hibridora.

Nintendo-k eta Monolith Softek Xenoblade Chronicles X: Definitive Edition aurkeztu dute. Wii Uko JRPGaren behin betiko bertsioa Switch kontsolan argitaratuko da 2025eko martxoaren 20an.

2054. urtean, Mira planetara bidaiatuko dugu berriz, robot zein izaki erraldoiak aurkitzeko. Xenoblade sagako titulua izan arren, gainerako atal nagusiekin harreman ahula dauka XCXk; hala ere, hainbat espezie edo xehetasun partekatzen dituzte.

Antzekotasunak sendoagoak dira jokagarritasunaren alorrean. Esplorazioa ardatz daukan JRPGaren aurrean gaude: denbora errealeko borroka taktikoak biziko ditugu Mira zeharkatzen gabiltzala. Horretarako, gure heroien taldea kontrolatuko dugu, baita hauek erabiltzen dituzten Skell izeneko exoeskeleto boteretsuak ere.

Definitive Editionerako, atal grafikoa hobetzeaz gain, istorioaren ezaugarri berriak aipatzen dituzte egileek. Iragarpen bideoaren bukaeran pertsonaia berria ikus dezakegu, adibidez, gure protagonistetako bat hondartzan agurtzen. Online erronkak eta ezaugarriak ere itzuliko dira, gainera: 31 jokalari elkartzeko aukera aipatzen dute jokoaren webgunean.

Wii Uko beste klasikoetako bat Switchera eramatea erabaki dute, beraz: 2015. urtean argitaratu zuten, publikoaren aldetik harrera ona jasota. Zaleek The Legend of Zelda: Wind Waker HD eta Twilight Princess HD bezalakoen zain jarraitzen duten bitartean, porrot komertziala izandako kontsolaren altxorrak berreskuratzen dabiltza Nintendokoak.

Esan bezala, Xenoblade Chronicles X: Definitive Edition martxoaren 20an merkaturatuko da Switch gailuan.