Switchak jasoko dituen berritasunei buruzko ordu erdiko Direct Minia argitaratu du Nintendok.
Nintendok ustekabean Direct bat argitaratu du bere kontsolak etorkizun hurbil batean jasoko dituen bideojokoei buruz aritzeko. Ordu erdiko iraupena duen bideoarekin joko berriak, DLCak eta zerbitzuak iragarri ditu N Handiak.
Xenoblade Chronicles Definitive Editionekin hasi dute Directa; maiatzaren 29an estreinatuko da Switchean jatorriz Wiian argitaratutako bideojokoa. Hainbat berritasun ekarriko ditu: hobekuntza grafikoekin batera menu eraberrituak izango ditu.
Gainera, Switcherako esklusiboa izango den Future Connected izeneko epilogoak Xenoblade Chroniclesen utzitako istorioa jarraituko du.
Super Smash Bros. Ultimate ere aipatu dute Nintendokoek. Ezustekoan, Fighter Pass Vol. 2ak ekarriko dituen sei borrokalarietako lehenengoa iragarri dute bertan. Switcheko ARMS borroka bideojokoko pertsonaietako bat izango da. Argitaratze datarik eman gabe, pertsonaiaren garatze prozesua “luzatu” egingo dela azaldu dute arduradunek.
Pokemonen zaleentzako abentura berriak
Directa bukatzeko Pokemon Sword eta Shieldi buruz aritu dira. Zehazki, bere lehen espantsioaren inguruko berritasunak nabarmendu dituzte. Entrenatzaileek ekainean bidaiatuko dute Isle of Armor deitutako irlara.
Bertan Kubfu izeneko pokemona lortu ahalko dute dojoaren bitartez. Pokemon horrek eboluzionatzerakoan berezitasunak izango ditu, bera entrenatzeko toki berezi bat aukeratu beharko baitute jokalariek. Horrez gain, hasierako hiru pokemonentzako gigamax forma bereziak ere aurkeztu dituzte.
Aipatutakoak iragarpen nabarmenenak izan diren arren, Directak beste hainbat jokori buruz berri emateko balio izan du. Bravely Default II, Star Wars Jedi Academy, BioShock, Borderlands, XCOM 2, Animal Crossing: New Horizons, Catherine: Full Body edota Ninjala dira, besteak beste, Nintendoren bideoan aipatutako bideojokoak.
Iruzkinak