CodeSyntax enpresa eibartarrak Egunean Behin-ekin zein Tagzania-rekin hasitako bideari jarraitu dio: egunean hiru minijoko proposatuko ditu joko berriak.
Xiba mugikorretan kaleratu du Eibarko CodeSyntax taldeak. Zortzi proba txikiren bilduma eskaintzen du euskaraz eta dohainik argitaratutako tituluak.
Android zein iOS gailuetan jaitsi daiteke doako aplikazioa. Alor desberdinak lantzea proposatzen da. Hizkuntzari, kalkulei edo memoriari lotutako minijokoak biltzen ditu Xibak: esaterako, letra zopa, Quento, elkartu gaiak, aukeraketa edo bikoteak bezalako joko klasikoak aurkituko dituzte erabiltzaileek.

Egunean Behin edo Tagzania arrakastatsuen egileek “denborapasekin jolastea eta burua sasoian mantentzea” bilatzen dute joko berriarekin —komuneko lanak egin bitartean, aipatzen dutenez—. Aurreko jokoekin egin modura, partida motzak izango dira Xibarenak, “egunean minutu pare bat euskaraz jokatzeko eta zure gaitasunak lantzeko aitzakia” izanik.
Izan ere, egunero hiru joko desberdin aurkeztuko zaizkigu. Bakoitza gainditzerakoan, gainerako erabiltzaileekin alderatuta zer moduz ibili garen azalduko zaigu; hirurekin bukatuta, eguneko bolada osatuko dugu. Aplikazioan gehitutako lagunen puntuazioak jarraitzeko aukera emango zaigu, lehia lagunkoia sustatuz, eta Egunean Behinen gako nagusietako bat errepikatuz. Halere, oraingoan presentzia urriagoa eskaini diote erabiltzaileen arteko borrokari. Jokoen demo txikiak edonoiz probatzeko aukera daukagu: zortzi probez gure erritmora gozatzea ahalbidetu dute.
Xiba doakoa bada ere, iragarkiak ikusiko ditugu partida artean: “Zenbakiak eta balantzea nola doazen ikusita, publizitatea murrizteko edo kentzeko moduak aztertuko” dituztela aipatzen dute CodeSyntaxetik.
Xiba zein Egunean Behin eta Tagzania Android nahiz iOS gailu mugikorretan eskura daitezke.
Lander Unzueta
Iruzkinak