Segak 2021ean kaleratuko ditu plataforma horietan falta diren Kiryuren abenturak.
Ryu ga Gotoku Studiok garatutako Yakuza sagak izugarrizko arrakasta izan du mendebaldean azken urteetan. PlayStation 2an hasi zuten istorioa ez zen horren ezaguna izaten 2015ean Yakuza 0 estreinatu zen arte; ordutik aurrera lortutako izen onagatik Sonyren kontsoletatik haratago hasi ziren Yakuzaren jokoak argitaratzen.
PC eta Xboxeko jokalariek Yakuza 0, Kiwami eta Kiwami 2ra jokatzeko aukera eduki dute. Segakoek Yakuza: Like a Dragon kaleratu dute orain gutxi, Japonian Yakuza 7 bezala ezagututakoa. Protagonista berria duen istorioa hasten duen arren, aurretik zetozen jokoak eskuratu gabe geratu izan dira, baina hori aldatzeko erabakia hartu dute arduradunek.
Yakuza 3, 4 eta 5 biltzen dituen Yakuza: Remastered Collection eta Yakuza 6 aurten estreinatuko dira PC, Xbox Seriesetan eta Xbox Onean. Bi plataformen kasuan Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren baitan egongo dira, baina PCan Steam bidez ere erosi ahalko dira. Joko hauekin Kazuma Kiryu protagonistaren istorio osora jokatu ahalko da plataforma horietan.
Yakuza: Remastered Collectionek aipatutako hiru jokoen birmasterizazioak dakartza. Atal grafikorako hobekuntzen artean 1080p-ko bereizmena eta 60 irudi segundoko tasa dute bildutako jokoek. Ez hori bakarrik, minijoko berriak ere gehitu dituzte Ryu ga Gotokukoek. Bilduma urtarrilaren 28an estreinatuko da; jokoak bakarka erosi nahi izanez gero aukera hori eskainiko dutela jakinarazi dute.
Yakuza 6: The Song of Life Kiryu protagonista modura duen azken jokoa da. 2016an estreinatu zen PlayStation 4an, eta Dragon Engine motor grafikoa erabili zuen lehen lana da. PC eta Xboxeko bertsioak beranduago argitaratuko dira kasu honetan: martxoaren 25era arte itxaron beharko da.
Iruzkinak