Kazuma Kiryuren bigarren abenturaren remakea Dragon Engine harrigarriarekin garatu du Ryu Ga Gotoku estudioak.
Lehenengo Playstation 4an eta gero PCan kaleratu ondoren, Segak Yakuza Kiwami 2ren Xbox Oneko argitaratze data iragarri du. Uztailaren 30ean estreinatuko da mafiosoen saga arrakastatsuaren bigarren bideojokoaren remakea.
Abenturak lehen bideojokoa bukatzerakoan utzitako gidoia jarraitzen du. Jatorriz Playstation 2an argitaratutako bideojokoa berriztatzeko lan bikaina egin dute Ryu Ga Gotoku estudioko garatzaileek.
Kazuma Kiryu protagonista Tokio eta Osakako kaleetatik dozenaka mafiosoren aurka kolpeka ariko da, baina nola ez, era guztietako misio zoro eta arraroetan ere murgilduko da Kiwami 2n. Gainera, Goro Majimarentzako abentura txikia ere eskaintzen du remakeak.
Xbox Onean argitaratzearekin batera, Microsoftek bere Xbox Game Passean ere gehituko duela jakinarazi du. Zehazki, kontsolako eta PCko harpidetza zerbitzuan eskuragarri egongo da uztailaren 30ean.
Bigarren jokoaren remake hau ez da izango Xboxek jasoko duen Yakuza sagako obra bakarra. Orain gutxi Yakuza 0 eta Kiwami kaleratu ziren, eta urte bukaeran Yakuza: Like a Dragon zazpigarren bideojokoa estreinatuko da. Microsoften kontsolan ez ezik, PS4 eta PCra ere helduko da.
Yakuza Kiwami 2ri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, Game Erauntsian bideojokoaren analisia egin genuen joan den urtarrilean.
Iruzkinak