Dragon Engine motoreaz baliatuko da Ryu Ga Gotoku Studio, beste behin. Dark Ties izeneko eduki berriarekin estreinatuko da PCan zein kontsola nagusietan.
Sega eta Ryu Ga Gokotu Studio taldeek Yakuza Kiwami 3 iragarri dute RGG Summit aurkezpenean. Hirugarren atalaren berregitea otsailaren 12an merkaturatuko da PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Switch 2 eta Xbox Series gailuetan.
Ez da ezustea izan zaleentzat —webgune ofizialean agertu zen akats baten ondorioz joan den astean—, baina bai eskertzeko remake-a. Yakuza 3 saga nagusiko atalik gorrotatuenen artean aurkitzen da: PlayStation 3an 2009. urtean estreinatutako tituluak akats eta gabezia nabarmenak ditu, eta, istorio geldoarekin batera, Kazuma Kiryu-ren abentura nekagarrienetakoa suerta daiteke.
Azken urteotan argitaratutako Yakuza / Like a Dragon amaigabeek aspaldiko oinarri eta mekanika horiek borobildu eta txukundu dituztenez, zaleak gogotsu agertu dira Okinawako irletan bizitako abenturak berriz bizitzeko. Horren emaitza onak eman dituen Dragon Engine garapen motoreaz baliatuko dira, nola ez, Kiwami 3 eratzeko.
Maila handiko atal grafikoa espero dezakegu hortaz, baita bestelako aldaketa esanguratsuak ere. Pertsonaia batzuetatik hasi beharra dago, aldaketak jasan baitituzte: Rikiya Shimabukuro edo Go Hamazaki pertsonaiak Show Kasamatsu eta Teruyuki Kagawa aktoreek, hurrenez hurren, antzeztutakoak izango dira orain.
Eduki berriak ere ikusiko ditugu, aurreko Kiwami jokoetan gertatu bezala. Dark Ties izenpean, Yakuza 3ko Yoshitaka Mine gaizto nagusiaren istorioa biziko dugu espantsio independentean. Guztia galdu ondoren, mafiaren munduan nola barneratu zen ezagutuko dute jokalariek.
Albiste onak, beraz, Yakuza / Like a Dragon sagako beteranoentzat zein hasiberrientzat. Esan bezala, Yakuza Kiwami 3 & Dark Ties 2026ko otsailaren 12an kaleratuko da PCan nahiz kontsola nagusietan.
Yakuza 0 Director’s Cut, PCra, PlayStationera eta Xboxera
Hirugarren atalaren berregitearena ez da Ryu Ga Gotoku Summit zuzenekoak utzi digun iragarpen bakarra. Switch 2an ekainean ikusitako Yakuza 0 Director’s Cut PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetara iritsiko dela jakinarazi dute Segakoek.
Jokoaren “behin betiko” edizioa denak eduki gehigarri eta berezitasun gutxi batzuk gehitzen dizkio sagako atalik maitatuenari. Hasteko, Red Light Raid izeneko multijokalari modalitatea gaineratzen du: 60 pertsonairen artean hautatuko dugu arerio gogorren aurka elkarrekin aritzeko.
Gainera, 0 atalean ikusitako eszena batzuk zinematika bihurtuta ikusiko dituzte jokalariek: originalean pasarte gutxi batzuk irudi erdi estatikoz sortuak ziren, eta horiek berregin nahiz txukundu dituzte egileek zuzendariaren bertsiorako.
Zoritxarrez, bertsio originala erosita daukatenek ez dute gaurkotutakoa doan jasoko, ezta, itxura batean, beherapenik ikusi ere. Yakuza 0 Director’s Cut abenduaren 8an iritsiko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara.
Stranger Than Heaven, RGGren obra handia
Yakuzaren albisteek hartu dute RGG Summita, baina ezin gaitezke estudio japoniarraren hurrengo lan handiaz ahaztu. Stranger Than Heaven iragarri zuten orain gutxi Ryu Ga Gotokukoek, eta aurkezpenetik igaro dela esan daiteke, bideo txikiarekin bada ere.
100 urteko testuinguruan kokatutako istorioa jarraituko dugu oraingoan, protagonista guztiz berriarekin. Osaka hiriko Dotonbori auzunea agertzen da bideoetan, beraz, gutxienez leku ezagun batera itzuliko garela dirudi.
Ikerketa mekanikak ageri dira, baita, baina kolpeak eta ohiko biolentzia presente egongo dira Stranger Than Heaven itxurosoan. Ez dauka argitaratze datarik, ezta baieztatutako plataformarik: zaleek itxaron egin beharko dute oraingoz.
Iruzkinak