Segaren mafioso japoniarren zazpigarren atala izango da. Sagaren oinarriak eraberrituko ditu, JRPG batean bilakatuko dute.
Yakuzaren joko berria aspaldi kaleratu zen Japonian, baina Europan ez dugu Like a Dragonera jokatzeko aukerarik izan. Segak azaroaren 13an estreinatuko dela iragarri du.
Hasiera batean PC, PS4 eta Xbox Onerako izango bada ere, PS5 eta Xbox Series Xra ere iritsiko da. Azken plataforma horretan ere azaroan ikusiko dugu Like a Dragon; kontsola argitaratzearekin batera estreinatuko dela suposa daiteke.
Ryu ga Gotoku Studioren sagako zazpigarren atala izango da Like a Dragon. Hala ere, mendebaldean zazpi hori galdu eta azpititulu berria jarri diote. Jokoak mafiosoen sagako jokatzeko era aldatu egingo du: beat ‘em up bat izatetik txandakako borrokak edukiko dituen JRPGa izango da.
Aldaketa hori protagonista berriaren aldetik dator. Kiryu Kazuma alde batera utzi eta Ichiban Kasuga izango da zazpigarren Yakuza horren protagonista. Hiri nagusia ere aldatuko da: Tokioko Kamurocho auzotik (benetako Kabukicho auzoan oinarritutako fikziozko gunea) Yokohamara igaroko da akzioa.
Ichibanek hainbat adiskide izango ditu bere abenturan. Horiek borroketan kontrolatu ahalko dira; guztira borrokalarientzako 20 kategoria edo lan desberdin egongo dira, eta bakoitzak bere indargune eta ahalmen berezi propioak edukiko ditu.
Iruzkinak