Valven plataformako datu basean agertu da Yakuzaren zazpigarren bideojokoa. Protagonista berria duen JRPGa da.
Segak iragarpen ofiziala egin gabe, Steameko datu basean Yakuza: Like a Dragon erregistratu dela ohartu dira zaleak. Prentsa oharraren faltan mafioso japoniarren bideojoko berria PCra helduko dela baieztatuta eman daiteke beraz.
Urte hasieran Playstation 4 japoniarretarako argitaratua, azken Yakuza oraindik ez da mendebaldera iritsi. Segak ez du argitaratze datarik zehaztu ez PS4ko zein PCko bertsioentzat.
Aldaketa nabariak dakartza Ryu ga Gotoku Studioren obra berriak: Kazuma Kiryu protagonista beteranoa alde batera utzita, Ichiban Kasuga yakuza izango da mafiosoen jokoen belaunaldi berriko izarra. Ez hori bakarrik, genero aldaketa ere ekarriko baitu. Beat ‘em up erako borrokak txandakako JRPG motakoengatik aldatzea erabaki du Segak.
Segaren sagak PCko ibilbidea orain urte pare bat hasi zuen; Yakuza 0, Kiwami eta Kiwami 2 kaleratu dituzte Valven plataforma digitalean.
Oraindik saga nagusiko hainbat joko falta dira beraz; orain gutxi PS4an Yakuza 3, 4 eta 5 batzen dituen Yakuza Remastered Collection ikusi dugu. Ez da harritzekoa izango bilduma horrek ere Steamen bukatzea, Yakuza 6: The Song of Lifekin batera.
Iruzkinak