Jokagarritasun eta premisa bereziak azaltzeko bideoa kaleratu du Nintendo-k: entziklopedia magikoan sartu eta bertako izakiak ezagutzen ariko gara mailak gainditzeko.
Nintendok Yoshi and the Mysterious Booken xehetasun gehiago eskaini ditu Marioren eguna ospatzeko, argitaratze data zehaztuta: maiatzaren 21ean iritsiko da Switch 2ra.
Yoshiren abentura berriak atal estetiko ederra aurkezten du: eskuz marraztutako irudien estiloa hartzen dute pertsonaiek zein inguruneek. Premisa are interesgarriagoa da: Yoshiak entziklopedia magikoaren orrialdeetan barneratuko dira oraingoan.
Animalia, landare eta izaki bitxiak ezagutuko dituzte dinosauro koloretsuek; are gehiago, hauen ahalmenak eta joerak ikertzea izango da bideojokoaren ardatzetako bat. 2D plataforma abentura lasaiagoa proposatzen dute oraingoen japoniarrek, puzzleak nagusituta.
Bideoan agertzen den bezalaxe, izaki bakoitzaren abileziak ikertu, eta hauen inguruko erronkak aurkituko dituzte protagonistek. Burbuilak jaurtitzen dituen animaliari, esker, plataforma garaietara irits daitezke; gainean hartuta lasterka eginez gero, burbuilak biderkatuko dira, hauekin bidea osatuz; bukatzeko, sagarrak jaten emanda, hauen indarra areagotuko dugu, burbuila erraldoiak sortzea ahalbidetuz.
Aipatutakoa adibide txikia baino ez da, animalia bakoitzari lotutakoak askoz gehiago izango baitira: hauek ikertzea eta aurrera egiteko bideak aurkitzea izango da, oraingoan, Yoshiren helburua. Aurkikuntzekin izarrak lortuko ditugu; hauekin, entziklopediako orrialde edo mundu gehiago irekiko dira.
Maiatzaren 21ean Switch 2an ikusiko dugu, esklusiboki, Yoshi and the Mysterious Book.
Super Mario Bros. Wonder hedatzen
N handiaren maskotarengana are gehiago hurreratuz, Super Mario Bros. Wonderren Switch 2ko berritasunak aditzera emateko azken bideoa argitaratu dute.
Multijokalarira bideratutako Meetup in Bellabel Park izango da egungo gailuko bertsioaren izarra: modalitate kooperatiboak zein leihakorrak ikusiko ditugu parkean. Halere, joko originala hedatuko duten ezaugarriak dira nagusi trailerrean.
Bertikalki erasotzea ahalbidetuko digun super lore indartzailea, Koopaling etsaiek proposatutako erronkak, Toad taldearen desafioak eta beste hainbat ageri dira bideoan. Pertsonaia berriak ere datoz: Rosalina nahiz Luma protagonistak gehituko dira Wonder originalaren taldera, baita jokalari hasiberriek eskertuko dituzten denetariko laguntzak ere.
Martxoaren 26an estreinatuko da Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park Switch 2 kontsolan. Jatorrizko jokoa eduki gehigarriarekin batera salduko dute edizio fisiko berrian; horrez gain, bertsio originala erosita daukatenek Switch 2rako berritasunak jasotzeko hobekuntza txartel digitala eros dezakete.
Lander Unzueta
Iruzkinak