Irailetik hasita 2022ko udazkenera arte luzatuko dira hauen argitalpenak. Ekitaldiak, elkarlanak eta bideo-jokoak batuko dituzte.
Bost bideo-jokoz eta hainbat spin-off lanez osatutako Persona JRPG arrakastatsuak 25 urte beteko ditu, eta Atluseko arduradunek gero eta ospe handiagoa daukan sagaren urteurren berezi hau ospatzeko ekimen bereziak iragarri dituzte. Horien artean egongo dira zazpi proiektu ezezagun.
“Urte guztie hauetan jarraitu gaituzten zaleei, gure eskerrik beroenak”, adierazi dute japoniarrek ireki duten web orrialdean. “Irailean Persona sagak bere 25 urteurrena beteko du. Gure esker ona erakusteko aurten hasi eta 2022ko udazkenera arte sakabanatuta egongo diren hainbat ospakizun prestatzen ari gara: ekitaldiak, elkarlanak eta noski, bideo-jokoei buruzko berriak bilduko ditugu horietan”.
Webgunean zazpi proiektu horien atalak aurkitu daitezke, oraindik informaziorik gabe. Prestatutako iruditegian sagako joko guztietako pertsonaiak agertzen dira; horiekin batera “secret” izenpean dagoen azken irudia dago. Hori horrela joko edo gutxienez, protagonista berria iragarriko dutela suposa daiteke. Jokoekin ere antzeko zerbait gertatzen da: Persona guztiak zerrendatu dituzte, eta horiez gain ezkutuko beste bi proiektu daude.
JRPG sagak Japonian sekulako arrakasta eduki duen arren, bosgarren atala estreinatu arte ez dute mendebaldean antzeko osperik izatea lortu. Izan ere, Persona 5, Persona 4 Golden eta Persona 5 Strikers jokoak izan dira JRPG sagako atalik salduenak: guztira 15 milioi ale banatu dituztela iragarri dute aurten.
Iruzkinak