Genshin Impact-en arduradunen titulu berria da. PC-an nahiz gailu mugikorretan kaleratuko dute.
Zenless Zone Zero pasa den maiatzean ezagutu genuen arren, HoyoVerse-ko arduradunak isilpean ibili dira honen garapenean. Tokyo Game Show azoka izan da, baina, berriz ikusteko tokia: 18 minutuko iraupena duen gameplay sakona erakutsi dute akziozko RPG honen garatzaileek.
“Fantasia hiritarreko akziozko RPG” abentura izango dela diote, zehazki. Devil May Cry bezalako hack and slash jokoak Persona sagako anime estetika koloretsuarekin eta itxurosoarekin bilduko ditu. New Eridu deitutako hiria gizadiaren azken gotorlekua da: hau esploratuko dugu, era guztietako bizilagunak ezagutuz.
Hala ere, bideojokoak bi mundu desberdin aurkeztuko dizkigu: bigarrenean, borrokak izango dira nagusi. Fakzio desberdinak ezagutuko ditugu, gainera. Bakoitzak bere pertsonaiak izango ditu, askotariko abileziak eta mekanikak aurkeztuta. Billy Kid ziborgak kolpe bizkorrak emango ditu, baina Ben Bigger hartz erraldoiarekin modu guztiz desberdinean jokatuko dugu.
Egia esan, bideoan ikusitako borrokak ikaragarrizkoak dira. Animazio biziekin eta efektu mordoarekin, ARPG interesgarriaren aurrean gaudela dirudi. Dueluetan fakzio bereko protagonisten artean alda dezakegu, modu horretara konbo amaigabeak burutzeko.
Gidoiak ere bere garrantzia izango du: hizketaldiak oso ohikoak izango dira, bai protagonisten arteak, bai beste pertsonaia batzuekin bizitakoak. Horrela, Genshin Impacten sortutako mundu ireki erraldoia alboratu, eta jokagarritasun zuzenagoa eta ikusgarriagoa eskaini nahi dutela suposa daiteke, aldi berean istorio sakonagoa idatzita.
Zoritxarrez, oraindik itxaron egin beharko dugu Zenless Zone Zerora jokatzeko. HoyoVersekoen lanak ez dauka argitaratze datarik oraindik; plataformak, zorionez, baieztatuta daude. Ordenagailuetarako zein Android eta iOS gailu mugikorretarako prestatzen ari dira ARPG interesgarri hau.
Iruzkinak