Beñat ‘Euskara Satorra’ Erezumak prestatutako kirol jokoak partida azkarrak, txapelketak zein online norgehiagokak proposatzen ditu frontoietan.

Nabigatzaileetan joka daitekeen Zestalari Jai Alai plazaratu du Beñat Erezuma sortzaileak. Euskara hutsean frontoira eramango gaituen kirol bideojokoan debalde joka daiteke.

Kirol honetan barneratzeko elementu guztiak prestatu ditu Euskara Satorrak. Eskolatik hasita, jokoaren oinarrizko mugimenduak eta mekanikak iritsiko zaizkigu, jaurtiketak, dejadak edo horma bikoak praktikatuta; ondoren, partida azkarretan edo txapelketetan lehiatzeko aukera daukagu, bakarka arituz gero. Lagun bat animatzen bada, sareko partidak joka ditzakegu bere aurka.

Zesta mugimendu arruntekin batera, gure arnasa edo sasoia kudeatu beharko dugu partidetan, alde batetik bestera ibiltzerakoan nekatu egingo baikara; horretaz gain, mugimendu berezi boteretsua ere kargatuko zaigu ondo jokatzerakoan.

Partidek ere aldagai mordoa aurkezten dituzte: banakako zein binakako norgehiagokak, Gasteizko, Gernika-Lumoko edo Miamiko frontoietan lehiatzeko aukera, zailtasun maila desberdinak nahiz iraupenak zehaztu ahalko ditugu. Jokalari sorta zabala ere prestatu du, benetako gizonezko zein emakumezko zestalariei keinu eginik, baina, aldi berean, gure kirolaria sortzeko editorea ere eskainita.

Bideojokoaren alor batzuk garatzeko adimen artifizialaz baliatuta —adibidez, esatari euskaldunaren aipuak sortzeko—, joko txiki baina dibertigarria eratu du Erezumak. Esan bezala, edozein unetan proba dezakegu nabigatzaile bidez: programaren arabera, arazoak nabaritu ditut, baina nabigatzaile ezagunetan ondo funtzionatzen du.

Hemen joka dezakegu Zestalari Jai Alain.