LucasArtsen SNESeko eta Megadriveko klasikoak formatu digitalean argitaratuko dituzte, baina mugatutako tirada fisikoa ere baieztatu dute.
1993an eta 1994an kaleratutako bi klasiko itzuliko dira laister egungo plataformetarako. Disney Interactivek Zombies Ate My Neighbors eta Ghoul Patrol merkaturatuko ditu berriz ekainaren 29an PCrako, PS4rako, Xbox Onerako eta Switcherako.
16-biteko kontsoletako joko maitatu hauetan era guztietako munstro klasikoen aurka egin beharko dute bi nerabek. Tiroka ibiliko dira, lehengo jokoan auzokideak salbatzeko eta bigarrenean museo bateko izakiei aurre egiteko. Jokoak bakarka gainditu ahal izateaz gain lagun batekin ere gozatu ahalko dira kooperatiboari esker.
Bertsio berriztatu hauek jokoen atal grafikoa eta mekanikak bere horretan mantenduko dituzte, baina aldi berean askotariko hobekuntzak izango dituzte. Horien artean daude edozein unetan partida gordetzeko aukera, jokoaren garapen prozesua biltzen duen museo birtuala eta lorpenak. Aldaketa guzti hauek DotEmu garatzailearen eskutik datoz, azkenaldian joko klasikoak berpizten aritzeagatik ezaguna.
Bi jokoak batera kaleratuko dituzte formatu digitalean aipatutako plataformetan. Hori bai, formatu fisikoa ahaztu gabe utziko dute arduradunek: tirada fisiko mugatua edukiko du Limited Run banatzailearen eskutik.
Iruzkinak