Crazy Games x Construct 2026 Game Jam ekimenaren aterpean landu du jokoa. Doan joka dezakegu itch.io saltokitik.

Gargantuan Chef estreinatu du Zomorro Studio irundarrak. Amesgaiztoko sukaldari erraldoiarengandik ihesean ibiliko gara, amona italiarra kontrolatuta.

Izan ere, sukaldari buruhandiak amonatxoaren errezeta sekretu baliotsuak lapurtu nahi ditu. Izakia baretzeko, asebeteta utzi beharko dugu plater desberdinak kozinatuz.

Ez da horren erraza izango: ikuspegi isometrikoarekin, maila bakoitzean sakabanatutako oztopoak ekiditen eta saihesten ibili beharko gara; biraka dabiltzan kupelak, mahaiak, arbolak, suak eta sukaldeetan aurki daitezkeen bestelako elementuak ageriko dira. Aldi berean, lapikoak hartuta, minijoko txikiak gainditu beharko ditugu: une egokian tekla bat sakatzea proposatuko digute, lapiko desberdinekin zailtasuna areagotzen doan bitartean, platerak "al dente!" kozinatzeko.

Sukaldari buruhandiaren puntuak zerora jaistea izango da helburua. Azkar ibili beharko gara, porroterako bide ugari daude eta: amesgaiztoko buruak harrapatzen bagaitu, gure bizitza puntuak galtzen baditugu edo mailaren bukaerara beharrezko errezetak kozinatu gabe iristen bagara, partida galduko dugu.

Joko txikia da Gargantuan Chef, hiru mailakoa. Izan ere, Crazy Games x Construct 2026 Game Jam ekimenerako prestatu du Zomorroko Ibai Aizpurua garatzaileak. Ohi bezala, claymation teknikaz baliatu da pertsonaia eta mundu eroa irudikatzeko. Musika sortzerako orduan, Paolo Argento adiskidearen laguntza jaso du.

Ekainaren 26tik 30era bitartean ospatutako topaketak Construct garapen motorearekin eratzea izan du helburu: Aizpuruak ondo baino hobeto ezagutzen duten tresna. 21 bideojoko aurkeztu dira guztira. Game Jam bat zertan datzan hobeto ezagutzeko, Game Erauntsiak Zomorrorekin batera antolatutako Euskal Game Jamari buruzko informazioa irakur dezakezu, edo, bestela, Aizpuruak Jokoteknian Game Jamei buruz egindako hitzaldia ikusi.

Itch.io webgunetik joka dezakegu Gargantuan Chefen, dohainik: nabigatzaile bidezko jokoa ahalbidetu du egile irundarrak.

 

Lanean

Albo proiektuekin jarraitzen duen bitartean, Aizpuruak bi bideojoko nagusi ditu esku artean. Alde batetik, Guillotine interesgarrian lanean dihardu: euskal mitologiako girotzea bereganatzen duen tituluak burua galdu duen borreroaren rola jokatzen jarriko ditu jokalariak.

Bestetik, Barrakaren behin betiko bertsioa lantzen ari da garatzaile euskalduna. Iaz PCan nahiz PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan argitaratzeko asmoa iragarri zuen, baina, normala den bezala, asmoak korapilatu zaizkio. Jokoaren garapenarekin jarraitzen duela aipatzen du egileak, baina eguneratutako bertsioa probatzeko itxaron egin beharko dugu.