Ivan Ruiz bartzelonarrak abian jarri du PC eta kontsoletarako abentura honen Kickstarter kanpaina. 2022an kaleratzea aurreikusten du.
Shigeru Miyamotok sortutako The Legend of Zelda ezagunaren gero eta klon gehiago ikusten dira: batez ere indie garatzaileak dira abentura, esplorazio eta puzzle mekanikak hartuta proiektu propioak prestatzen hasten direnak.
Horren adibidez ezin hobea da Elementallis: bi dimentsiotako Zelda klasikoen oinarriak zein atal grafikoa hartu eta PC zein kontsoletarako abentura prestatzen ari da Ivan Ruiz bartzelonarra. Jokoa garatzeko beharrezko dirua lortzeko, baina, Kickstarter kanpaina hasi du. 18.000 euro eskatzen ditu garatzaileak Elementallis bukatu ahal izateko.
“Eraberritutako retro estetika duen abentura klasikoa da Elementallis”, aldarrikatu du Ruizek. Oinarrizko elementuen nortasuna hautsiko dute bertan jokalariek, eta mundua salbatu ahal izateko horiek lehengoratzea izango da helburu nagusia. Mundu irekia eta ziegak batuko ditu jokoak: zortzi biomatan banatutako etsai, puzzle eta sekretuz betetako zortzi ziega gainditu beharko dira botere bereziak lortuta.
Bideo-jokozaleei proiektua erakusteko hainbat irudi eta bideo prestatu ditu arduradunak. Horietan ikus daitekeenez, Game Boyko Link’s Awakeningen estetika bereganatu du Elementallisek. Halere Ruiz ez da jokoa kopiatzera mugatu, eta mekanika berezi propioak dituela ikus daiteke. Botere elementalak kontrolatu ahal izango ditu abenturako protagonistak: sua, ura, lurra, haizea eta gehiago erabilita hainbat abilezia eta eraso eskuratuko ditu.
Horiek denbora errealean borrokatzeko zein puzzleak gainditzeko erabiliko dira. Garapena orain bi urte hasi zuen Ruizek, bere ametsa “botere elementalak batzen dituen eraberritutako retro abentura garatzea” izanik. Argi ikusi daitekeen modura, umetan jokatutako bideo-jokoak gogora ekartzea izan da garatzailearen asmoa, eta horretarako bideo-jokoen garapena ikasten eta dirua aurrezten hasi zen. Unity erabiltzen ikasita, bere lehengo ogibidea utzi eta proiekturako artista zein musikagilea bilatu zituen bartzelonatarrak.
Albistea idazterako unean 25.600 euro batu ditu garatzaileak, helburua soberan beteta. 28 egun falta dira finantzaketa kanpaina bukatzeko, beraz ikusteko dago zenbat diru jasoko duen eta horrek bestelako helmugak betetzea ahalbidetuko dion sortzaileari.
Hori lotuta, Elementallis PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan kaleratuko dela agindu du garatzaileak: 2022ko ekainerako prest edukitzeko asmoa agertu du. Aurretik, baina, finantzaketa kanpainan parte hartzera animatzeko doako froga argitaratu du bartzelonatarrak.
Iruzkinak (1)
Damian 2021ko mai. 6a, 17:31
Kriston itxura!
Urtebete itxoin biharko!