Sistema irekietan edozein jokotara aritzeko lanean dihardu Valve enpresak. Horretarako Linuxeko berezko bertsioak alboratzea erabaki du.

Orain gutxira arte Linuxen oinarritutako sistema eragileak erabilita bideo-joko gutxi batzuetara baino ezin izan da jokatu. Badira beren jokoen Linuxerako bertsio natiboak prestatu dituzten garatzaileak, baina oso urriak izan ohi dira; askotan, gainera, bertan behera utzi izan dituzte. Dena dela, Valvekoek sortutako Proton sistema egoera hori aldatzen ari da: ProtonDB webguneak jakitera eman duenez, Steam plataformako 100 bideo-joko arrakastatsuenen zerrenda osatzen duten 80 lanetara jokatu daiteke dagoeneko bateragarritasun geruza hau erabilita Linux duten gailuetan.

2018an abiarazitako Proton proiektua Linuxeko erabiltzaileek ondo ezagutzen duten Wine (Wine Is Not an Emulator) Windows-eko API-aren berrezarpen askean oinarrituta dago. Hori horrela, Proton ezta emulatzailea ere: Microsoft-en sistema eragile ezaguneko programak Unix familiako sistemetan exekutatzeko balio duen geruza da.

Valven azken urteetako proiekturik handienetakoa da. Modu horretara, Windows eta honek dakartzan mugak baztertu nahi dituzte, edozein sistema irekitan bideo-jokoez gozatu ahal izatea bermatzeko.

 

ProtonDBn azaltzen denez, aipatutako 80 joko horiek Gold++ balorazioa jaso dute; hau da, arazorik gabe funtziona dezakete Linux bidez, baina gutxieneko doikuntza batzuk eskatzen dituzte. Hauek batzuetan aukeraren bat aktibatzera mugatzen dira, baina beste batzuetan fitxategiak instalatu beharra suposatzen dute.

Rust, Warframe, ARK: Survival Evolved, Rocket League, FIFA 22, Civilization VI, Skyrim, Path of Exile, Red Dead Redemption 2, Age of Empires IV, Cyberpunk 2077, Monster Hunter World… milaka jokalari dituzten bideo-jokoak biltzen ditu zerrenda horrek.

Zenbateko osoari begira, ProtonDBko erabiltzaileen arabera 17.649 bideo-jokok funtzionatzen dute Protonekin. Nabarmendu beharra dago webguneko balorazioak erabiltzaileen esku daudela; hauek joko bakoitza probatu eta beren ondorioak partekatzen dituzte ProtonDBn, ondoren batez bestekoarekin balorazio orokorrak eskaintzeko.

Guzti hau, azken batean, Valve prestatzen ari den SteamOS sistema eragilearentzako ezinbestekoa da: Linux oinarritzat hartzen du, eta 2022ko otsailean merkaturatuko duten Steam Deck gailuaren ardatza izango da. Protonen eraginkortasunean datza, beraz, eskuko PC honen arrakastarako baldintzetako bat.