Gaurko berri potoloa izan da. Prentsa ohar baten bidez adierazi dute Nintendo mugikorretarako jokoak egiten hasiko dela. Urtetan mugikorren negozioan sartzeari uko egin ostean, azkenean Nintendo-k pausua eman du. Honetarako, Japoniako mugikorretarako jokoen garatzaile eta argitaratzailea den DeNA enpresaren %10-a erosi du 181 milioi dolarren truke. Diotenez aterako dituzten jokoak berriak izango dira, hau da, ez dituzte 3DS edo WiiU-rako ateratako jokoak moldatuko mugikorretara.

 

Esandakoaren arabera aurtengo udazkenean hasiko dira jokoak argitaratzen. Gainera, DeNA-rekin batera harpidetza sistema bat jarriko dute abian, zeinarekin pertsona bakoitzak bere perfila gorde ahal izango duen eta honen bitartez gailu ezberdinen artean partekatu, Nintendo-ren kontsolak barne.



 


Eta aurreko irudian ikusten den bezala NX joko sistema ageri da. Ba hau da bigarren berri potoloa. Nintendo-k beste kontsola berri bat egiten ari dela adierazi du. Kontsola honek NX barne izena du. Kontsola berri hau garatzen ari dira gaur egun, eta kontzeptu berritzaile bat dela ere esan dute. Urtean zehar xehetasun gehiago emango badute ere, ez dute ezer aurkeztuko hurrengo E3 edo TGS azoka garrantzitsuetan.

 

Nintendo-k mugikorren munduan sartuko dela esan duenetik, burtsan %22-ko igoera izan dute bere akzioek. Itxuraz berria asko gustatu zaie inbertitzaileei.

 

Zer deritzozue zuek Nintendo-ren negozio bilakaera honetaz?