Bergarako ZTB jardunaldien baitan Bergara Minecraften eraikitzeko deialdia egin dugu. Parte hartzaile guztien artean 50 euroko diru txartel bat zozkatuko da.

Bergarako Udalak Maijoku Elkartearekin eta Game Erauntsia Elkartearekin bat egin du ZTB jardunaldietan Bergara birtuala eraikitzeko asmoarekin. Hori lortzeko bidea Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektua izango da: Mojang-en bideojoko ezaguna erabilita herriko gunerik esanguratsuenak prestatzeari ekingo diote bizilagunek.

Zehazki, Bergarako kaleak, plazak eta eraikin nabarmenenak eraikitzea izango da ekimenaren helburu nagusia. Partaideek Bergarako Turismo Bulegoarekin batera prestatutako gida erabil dezakete: bertan agertutakoak erabiliko dira erreferentzia bezala, ondoren Minecraften sortzeko.

Hau guztia eraikitzeko zerbitzaria gaur irekiko dugu: bergaraminecraft.gamerauntsia.eus zerbitzarian sartu beharko dira jokalariak. Urriaren 30ean itxiko da zerbitzaria, baina horrek ez du esan nahi ekimenari bukaera emango zaionik. Azaroaren 5ean egingo den ekitaldi berezian egindako lana aurkeztuko da herritarren artean. Horretarako, Zabalotegi aretoan batuko gara ibilbide birtuala egiteko eta partaideen sorkuntzak ikusteko asmoarekin.

 

Elkarlanean eraikiz

Ez da beharrezkoa izango izena ematea ekimenean parte hartzeko; hala ere, zerbitzariak arau sorta sinplea edukiko ditu guztion arteko elkarlana bideratzeko. Lehenik eta behin, Turismo Bulegoak eskainitako gidako zerrendan agertzen den eraikin edo guneetako bat hautatu beharko da. Gidan agertzen diren kokalekuez gain, herriko etxeak, plazak zein kaleak eraiki ditzakezue.

Hauen orubeak eta kaleak Game Erauntsiak adierazita zein mugatuta egongo dira: kono batzuen bitartez zehaztu ditugu eraikuntza esanguratsuenen guneak. Eraikitzen hasterakoan, jokalariek konoak kendu beharko dituzte. Horrez gain, orube bakoitzaren ondoan sortu beharreko eraikinaren argazkia aurkituko duzue.

Hauek guztiak modu errazean aurkitzeko zerbitzariaren denbora errealeko mapa prestatu da.

 

Behin eraikina beste jokalari batek sortu ez duela egiaztatuta, bertan eraiki beharko dute partaideek. Eraikin ezagunak soilik behin eraiki behar dira; hortaz, adi gidari. Nola ez, gainerako eraikitzaileen lana errespetatzeko eskatzen dugu: hori betetzen ez duena kanporatua izango da.

Minecraften bertsioari dagokionez, 1.19.2 adabakia erabiliko dugu. Zerbitzarira Java zein Bedrock bertsioetatik sartu ahalko da; beraz, edozein jokalarik parte hartzeko aukera edukiko du.

 

Aurkez itzatzu zure lanak

Sortutakoez harro bazaude, hauek aurkezteko aukera edukiko duzu azaroaren 5eko ekitaldian: jar zaitez gurekin harremanetan zure izena, erabiltzailea eta eraikitakoak adierazita. Horrela, gurekin batera aritu ahalko zara ibilaldi birtuala egiten dugunean.

Bukatzeko, sariak irabaz dezakezu! Parte hartzen dutenek beren eraikuntzen argazkiak bidal ditzakete gure Discord zerbitzariko Minecraft atalera edo gure helbide elektronikora. Hori eginda, 50 euroko balioa duen edozein bideojoko plataformatarako opari txartelaren zozketan sartuko zara.

Esan bezala, Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektuko zerbitzaria gaurtik urriaren 30era egongo da irekita, edonork Bergara sortzen parte har dezan. Azaroaren 5ean egindakoak aurkeztuko ditugu Zabalotegi aretoan.