Urtarrila hotz hasi bada ere, bideojokoen munduak argitalpen interesgarriak jasoko ditu urteko lehen egunetan.

Urte hasiera ez da aproposena izaten bideojokoen estreinaldientzat. Izan ere, askotan lehen argitalpen handiak otsailean jazo ohi dira. Hala eta guztiz ere, 2024ko lehen asteek bideojoko ugari dakartzate: hasteko, Prince of Persia berria, Like a Dragon edo Yakuza sagako azken atala zein burdinezko ukabilaren zortzigarren txapelketa ikusiko ditugu egunotan.

Zorionez, bestelako lan txikiagoak jasoko ditugu. Esate baterako, duela 20 urte Nintendo DS kontsolan sekulako arrakasta eduki zuen Another Code abentura grafikoaren berpizkundea ikusiko dugu, bere jarraipenarekin batera.

Horrez gain, orain gutxi estreinatutako Eastward zoragarriak lehen eduki gehigarri handia jasoko du, RPG abenturaren oinarriak zeharo aldatuz.

 

Prince of Persia: The Lost Crown

  • Argitaratze data: 2024-01-18
  • Garatzailea: Ubisoft
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak:  PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Persiako printze berriarekin hasiko dugu urtea. Sargon gaztearen abentura metroidvania estilokoa izango da: abileziak lortu ahala zabaltzen eta hedatzen joango den mundua esploratu beharko dugu, bidean mota guztietako erronkei aurre eginez. Borrokak, plataformak eta puzzleak izango dira nagusi abenturan.

Ubisoft enpresak, modu horretara, AAA jokoak alboratu ditu aspaldiko partez ekoizpen txikiagoa, baina oso interesgarria eratzeko.

 

Another Code: Recollection

  • Argitaratze data: 2024-01-19
  • Garatzailea: Cing
  • Generoa: Abentura grafikoa
  • Plataformak: Switch

Nintendo DSan merkaturatutako Another Code: Two Memories eta urte batzuk beranduago Wii kontsolan estreinatutako Another Code: R – A Journey into Lost Memories berregin ditu Cing taldeak Switcherako.

Ashley Mizuki Robins protagonistaren rola hartuko dugu hainbat misterio argitzeko; horretarako, ezezagunekin hitz egin beharko dugu, puzzle desberdinak argitzeko aztarnak aurkitzen ditugun bitartean.

eShop saltokian joko originaleko lehen atala biltzen duen demoa proba dezakegu; jokoa erosiz gero, egindako aurrerapenak gordeko zaizkigu.

 

The Last of Us Part 2 – Remastered 

  • Argitaratze data: 2024-01-19
  • Garatzailea: Naughty Dog / PlayStation
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PlayStation 5

PlayStation 4 kontsolan 2020an kaleratutako bideojoko saritua hobetzera datoz oraingoan Naughty Dogekoak. Bermasterizazioa dela dioten arren, berritasun interesgarri ugari dakartza: hobetutako grafikoak ikusiko ditugu, bai, baina baita modalitate berriak ere.

Horien artean No Return deitutakoa azpimarratu behar da: roguelike mekanikak proposatzen dituen berritasuna izango da.

Zorionez, joko originala erosi zutenek ez dute prezio osoa ordaindu beharko Remastered honengatik: hamar euroren truke egunera dezakete jatorrizko bertsioa.

 

Like a Dragon: Infinite Wealth

  • Argitaratze data: 2024-01-26
  • Garatzailea: Ryu ga Gotoko Studio / Sega
  • Generoa: JRPG, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Ichiban Kasuga eta Kiryu Kazuma heroi mafiosoak bueltan dira —egia esan, Kiryu orain hilabete pare bat ikusi genuen LaD Gaiden-ekin— Like a Dragon edo Yakuza sagako zortzigarren atalarekin. JRPG mekaniketara itzuliko gara oraingoan: txandakako borroketan murgilduko gara protagonista taldearekin, bakoitzaren mailak eta abileziak hobetuz.

Orain arteko jokorik handiena izango da Infinite Wealth: oinarrizko mekanikekin batera dozena bat minijoko biziko ditugu, zelan ez.

Berritasunik handienak Dondoko Island eta Sujimon borrokak izango dira. Lehenengoan Animal Crossing estiloko irla kudeatu beharko dugu; bigarrenean, berriz, Pokémon mekanikak nagusituko dira… gizon gihartsuekin.

 

Tekken 8

  • Argitaratze data: 2024-01-26
  • Garatzailea: Bandai Namco
  • Generoa: Borroka
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Burdinezko ukabilaren txapelketa berriz ospatzear da, eta borrokak egungo belaunaldian soilik biziko ditugu. Jin Kazama, Kazuya Mishima, Paul Phoenix, King, Marshall Law eta Nina Williams mitikoek inoiz baino itxura hobea daukate atal berrian.

Kanpaina modalitate sakona, tokiko zein online multijokalaria, heat izeneko sistema berria nahiz borrokalariak nahi bezala pertsonalizatzeko aukerak agintzen ditu Bandai Namcoren borroka joko interesgarriak.

 

Eastward: Octopia

  • Argitaratze data: 2024-01-31
  • Garatzailea: Pixpil / Chucklefish
  • Generoa: RPG, kudeaketa
  • Plataformak: PC, Switch

Eastward 2021eko indie altxorretako bat izan zen, baina Octopia espantsioarekin oinarrizko mekanikak zeharo eraldatzera datoz.

Nahiz eta pertsonaiak errepikatu, unibertso paraleloan ariko gara eduki gehigarrian: Stardew Valley edo Harvest Moon bezalako nekazaritza jokoen kutsua hartuko du. Octopia herria biziberrituko dugu era guztietako ekimenetan parte hartuz.