Panik Arkade italiarren lana apirilaren 9an estreinatuko da ordenagailuetan. Demoa proba dezakegu.
Jokalari beteranoek Nintendo 64aren aroa oroitzapen zoragarriz beteta edukiko dute kontsolan kaleratutako 3D plataforma abenturei esker. Horien oinarriak zein estetika hartzen ditu Yellow Taxi Goes Vroom zoroak, bide batez Crazy Taxiren arkade gidatze zirraragarria gehituta.
2023 hasieran iragarritako jokoa begietatik sartzen den lan independente horietakoa dugu, estetikak 64 bits-eko jokoak gogorarazten baititu. Poligono gutxiz osatutako autoak, pertsonaiak eta arerioak mundu koloretsuetan elkartzen ditu YTGVek.
Tosla zientzialari maltzurra mundua usteltzen ari da, eta honi aurre egiteko gure autoa hobetu zein engranaje bereziak bildu beharko ditugu.
Italiako Panik Arkade taldeak argi uzten digu: “N64ko collecthaton (bildumagile) aroari eskainitako maitasun gutuna da”. Txanponak biltzen eta biltzen ibiliko gara engranajeekin batera munduan nahiz objektuak —eta txapelak— desblokeatzeko, bidean etsai nagusiei aurre eginez.
Nahiz eta plataforma jokoa den arren, berezitasun bitxia dauka, ez baitugu jauzi botoirik. Saltoak oso presente egongo dira, dena den: turbo mugimendu bati esker aldapetatik ziztu bizian propultsatuz ariko gara mundu dibertigarriak zeharkatzeko.
Bideojoko klasikoei keinu egiten dizkieten munduak. Sonic-en Green Hill zein Marioren Bob-Omb gudu zelaia gogora ekartzen dituzten guneak ageri dira jokoan, besteak beste. Sega-ren Crazy Taxi sagan egin bezala, zenbait garraio misio biziko ditugu munduotan; alegia, biztanleak eskatzen dizkiguten gunera eraman beharko ditugu denbora agortu aurretik.
Retro jokozaleentzat jarraitu beharreko titulua da Yellow Taxi Goes Vroom. Ez dugu askorik itxaron beharko gozatzeko, zorionez: apirilaren 9an estreinatuko da PCan. Zain gauden bitartean doako proban aritzeko aukera daukagu Steam bidez.
Iruzkinak (1)
Beñat 2024ko mar. 13a, 13:54
Ze zoroa jajaja!