2025ean merkaturatuko du Mario Kart berriarekin. Apirilaren 2an Direct aurkezpena egongo da.

Switch 2a ezagutu dugu azkenik. “Nintendoren eguneratze bat” izeneko bideo motzarekin ezagutzera eman du enpresa japoniarrak.

2025ean argitaratuko dute gailu berria; data zehatza eskaini gabe geratu dira, beraz. Bideoan ez dute inolako azalpenik edo zehaztapenik eskaini hardwarearen inguruan.

Diseinu eraberrituarekin, eta tamaina handituz zortzi hazbeteko pantaila edukiko duela ezagutu genuen zurrumurruen bidez—, Switch originala horren arrakastatsua izatera eraman dituen oinarri guztiak mantenduko ditu. Hau da, kontsola hibridoaren aurrean gaude, eramangarria zein mahaigainekoa izan daitekeena.

Horrela, aspaldian filtratutako itxura ofiziala dela ikus dezakegu. Originalaren kolore biziak diseinu apalagoarekin ordezkatu dituzte, baina gorria eta urdina mantenduz.

Bideojokoei dagokienez, bat ezagutu dugu: Mario Kart berria. Klip motza baino ezin daiteke ikusi bideoan, baina basamortuko zirkuituan ariko garela azaldu dute, atal estetikoa mantenduz, baina grafikoak hobetuz.

Retrobateragarritasunari buruzko azalpenak eskaini dituzte, gainera. “Nintendo Switch 2ko joko esklusiboak jokatzeko gai da, baita Nintendo Switch originaleko tituluak ere”, diote. Are gehiago sakonduz, jatorrizko hibridoaren joko fisikoak zein digitalak mugitzeko gai dela adierazi dute, baina “joko zehatz batzuk ez direla bateragarriak izango”.

Etorkizunean datu gehiago eskainiko dituzte, nola ez, eta eguna ezagutu dugu: apirilaren 2an Nintendo Direct berezia antolatuko dute kontsola berria ezagutzeko.

Ez dirudi maiatza baino lehen jasoko dugunik; izan ere, mundu osoan kontsola ezagutzeko hainbat ekimen antolatzen hasia da Nintendo. Madrilen, adibidez, maiatzaren 9tik 11ra bitartera prestatuko dute aurkezpena. Izena ematea ezinbestekoa da: etzi irekiko dute.

Nintendo Switch 2a 2025ean merkaturatuko da.