Fantasia iluna, RPG mekanikak eta atal estetiko ikaragarria agintzen ditu QuickFireGames talde sevillarraren lehen lanak.
Prelude Dark Pain estrategia taktiko titulua ezagutzera eman du QuickFireGames estudioak. Kickstarter kanpaina bidez aurkeztu da, bideojokolarien arreta erakarrita; izan ere, lehen hamabi orduetan bideojokoa finantzatzea lortu dute sevillarrek.
40.000 euroko helmuga jarri zuten egileek, eta, kanpaina bukatzeko 29 egun geratzen direla, 64.400 euro bildu dituzte. Bideojokoak aurrera egingo duela esan daiteke, hortaz, eta bestelako eduki gehigarriekin zein hobekuntzekin kaleratzeko asmoa dago, lortutako finantzaketa estrari esker.
Tactics Ogre, XCOM edo Final Fantasy Tactics bezalako saga ezagunen oinarriak hartzen ditu Preludek. Hau da, lauki sarez osatutako kokalekuetan zehar gidatu beharko dugu gure protagonista taldea edo armada, txandakako borroken bidez garaipena eskuratzeko.
Zortzi kategorietan zein lanetan banatutako 20 heroi kontrolatuko ditugu: soldaduak, sendalariak, asasinoak eta RPG jokoetako ohiko pertsonaia motak daude. Diotenez, talentuen edo hobekuntzen bi zuhaitz desberdin dauzka bakoitzak, 25 bat abileziekin. Hauek hautatzearen eta beste pertsonaien mugimenduekin bateratzearen pisua nabarmentzen da prentsa oharrean.
Horrela, misio bakoitzaren aurretik zein bitartean taldea antolatzea ezinbestekoa izango zaigu, arerioen ahulguneak identifikatuta ahalik eta eraginkorrenak izateko.
Statera deitutako mundua ezagutuko dugu, gerran murgilduta aurkitzen fantasia ilunezko erresuma. Guneak zein pertsonaiak eratzerakoan erabilitako estetika zoragarria azpimarratu beharra dago: Darkest Dungeon bezalako jokoen atal grafikoa bereganatuta, askotariko arrazak eta tokiak dira protagonista Preluden mundu gogorrean.
Borroketan, basean gaudela zein mundua zeharkatzerakoan hartuko ditugun erabakiek istorioarengan eragingo dute Order of the Ashen Crusade zitalaren aurka egiten gabiltzala. Bidean, adibidez, heroi eta protagonista desberdinak errekrutatu ditzakegu; baldintza batzuk bete gabe geratuz gero, zenbait kanpoan geratuko dira —Fire Emblem bezalakoei ere begira jarri dira, hortaz—.
Proposamen sakona eta interesgarria, zalantzarik gabe, lehen jokoarekin datozen QuickFirekoentzat. Arestian esan bezala, gutxieneko aurrekontuarentzat beste diru bildu dute dagoeneko, baina Kickstarterreko babesari esker joko mota berriak gehitu ahalko dituzte. Aurrekontua handituz gero, artisautza aukera gehiago, munduko maparentzako hobekuntzak edo misioak gehitzeko aukera edukiko dute.
Bukatzeko, soinu banda aipatzekoa izango dela dirudi. Izan ere, Kumi Tanioka japoniarra da Preluden musikagilea: Final Fantasy: Crystal Chronicles eta Harvest Moon 3D: A New Beginning jokoetan lan egindakoa da, baita Final Fantasy XI, Super Smash Bros. Ultimate, Hyrule Warriors: Age of Calamity edo Minecraft bezalakoetarako doinuen erantzuleetako bat. Isaac Montes-ekin batera prestatuko ditu joko berrirako abestiak.
Ekainaren 5ean itxiko da Prelude Dark Painen Kickstarter orrialdea. Asmoa, dena ondo badoa, 2026ko udaberrian aurretiazko sarbidean estreinatzea da; ondoren, 2027ko udan argitaratuko dute 1.0 bertsioa. Ez dira hor geratuko: heroiak eta bestelako edukiak dohainik gehitzen jarraitu nahi dute garatzaileek.
PCra eta PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletara iritsiko da Prelude Dark Pain 2027an.
Iruzkinak (1)
Damian 2025ko mai. 8a, 10:43
Begiratu kickstarterra!
Itxura bikaina eta joko mota hau gustoko duenarentzat aukera ona!