Klasikoen artean klasikoena askorentzat, “Metal SlugSNKren tiro eta plataforma jokoen sagak 20 urte bete ditu 2016. urte honetan.

Lehenengo atala Neo Geo arcade eta kontsoletan sortu zen 1996an, eta sekulako arrakasta izan zuen, baita Euskal Herrian ere. Formula nahiko ezaguna izan arren (Konami-ren “Contra” eta “Sunset Riders” edo Capcom-en “Midnight Wanderers” jokoetan, esaterako), SNKren joko berriaren diseinu itzela, umorea eta ongi neurtutako erronkek mundu osoko jokalariak seduzitzea lortu zuten. Fikziozko II. Mundu Gerran kokatutako istorio honek 5 atal gehiago izan zituen Neo Geo plakan (2-5 eta X berezia), eta 6.etik aurrerakoek Atomiswave eta etxeko makinetan ikusi zuten argia. Azkena, XX 7.aren bertsioa PSP eta Xbox 360 kontsoletan. Tartean, beste eramangarri batzuek hainbat spin-off izan dituzte (“1st” eta “2nd Mission” Neo Geo Pocket-en eta “Metal Slug Advance” GBA-n, kasu) eta jakina, hiru dimentsioetan egindako derrigorrezko saiakera, Play Station 2an.

Urte hauetan guztietan SNK eta zaleek jakitera eman dituzte joko hauen inguruko bitxikeria dezente. Ba al zenekien, adibidez, protagonistetako biren izenak (Marco Rossi eta Fio) Hayao Miyazakiren “Porco Rosso” filmaren omenez jarrita daudela? Bestalde, pertsonaiek hainbat agerraldi izan dituzte enpresaren beste bideojoko batzuetan, bereziki “The King of Fighters” seriean; baita alderantziz ere, non saga honetako Ralf, Clark eta Leona borrokalariak Metal Slug ibilgailura igo baitziren azkeneko ataletan.

Aurrera begira? Ba gauza gutxi, egia esan. Gune ofizialean eskegitako irudi galeriaz gain, SNK-k “Metal Slug Attack” dorre defentsa joko berria argitaratu du 20. urteurrenerako; ospakizun eskasa, beharbada. Game Erauntsiako puretek, haatik, ez ditugu ahaztuko joko aretoen botoi eta tabakoaren kearen artean edukitako sentsazio horiek.

Urte askotarako, soldaduak!