Joanna Dark bueltan da Rarek sortutako tiro joko sagaren hirugarren atalarekin. PC eta Xbox Seriesetan estreinatuko da.
Rarek Nintendo 64rako garatutako Goldeneye kontsoletako hiru dimentsiotako tiro jokoen aitzindaria izan zen. Gutxi dira, baina, honen oinordeko bezala jaio zen Perfect Dark ezagutzen dutenak. James Bonden jokoan ikusitakoa maila berri batera eraman zuten Joanna Darken abenturarekin, N64an egindako ibilbide aparta itxita.
Microsoftek Rare erosita, Perfect Dark honen esku geratu zen. Xbox 360 estreinatzearekin batera Perfect Dark Zero kaleratu zuten 2005. urtean; arrakasta gutxi izan zuen bigarren jokoak, saga ahaztuta geratzera eramanda. Kontsola berberak lehen abenturaren birmasterizazioa jaso zuen urte batzuk pasata, eta hori Rare Replay bildumara gehitu zuten ondoren. Hala ere, orain arte Microsoftek ez du Perfect Darken obra berririk argitaratzeko asmorik erakutsi.
Guzti hori aldatu egin da. The Initiative estudioaren lan berria aurkeztu dute Redmondekoek: Perfect Dark soilik deitua, Rarek hasitakoa jarraitzera datoz. 2018ko E3an Microsoftek aurkeztutako estudioak ez du egiten ari den lanari buruzko xehetasun handirik eman, baina ohi bezala korporazio eta erakunde erraldoiekin zerikusia daukaten konspirazioak jarraituko ditu Dark agenteak.
Trailer zinematiko batekin egin dute iragarpena. Bertan protagonista lepoz ikusteaz gain mundu osoko kokaleku desberdinak azaltzen dira.
Perfect Dark PC eta Xbox Series kontsoletan kaleratuko du The Initiativek. Ez dute argitalpen egunari buruzko daturik aipatu.
Iruzkinak (1)
doublemauler 2021ko urt. 4a, 21:14
Istorioa Joannaren ikuspuntutik biziko dugula espero dut, sorpresa handiak berarekin biziz N64-en Carrol Doktorea, Mr Blonde edo Elvis ezagutzen ditugun moduan, besteak beste. Aurreko jokoetatik gadget ezberdinak, armen erabilera bikoitza, pantailak gainditzeko era ezberdinak egotea eta toki ezberdinak bisitatzea gustatuko litzaidake behintzat.
Joko zaharrek tiroketatan egiten dute enfasia naiz eta askotan espioiaren rola bultzatu. Bi jokatzeko mota hauen artean oreka aurkitzea eta biak dibertigarriak izatea uste dut izango dela garatzaileen erronka nagusiena.