Play at Home ekimenarekin bideo-jokoak oparitzen jarraitzen du PlayStationek.

Pandemiak eragindako konfinamenduaren urteurrena iristear da laster. Hainbat herrialdek beteko dute martxoan urtemuga hori, eta horrekin batera PlayStationek hasitako Play at Home egitasmoaren urteurrena ere iritsiko da. Nazioarteko biztanleriari etxean geratu eta jokatzeko aitzakia ezin hobea proposatzen dio ekimenak, Sonyren kontsoletarako doako jokoak banatzen baititu.

Hamabi hilabete ondoren Play at Homekin jarraitzeko asmoa agertu dute japoniarrek beste proposamen bat eginez: Ratchet & Clank abentura eta plataforma jokoa doan eskuratu daiteke PlayStation 5 eta PlayStation 4rako.

2016an Insomniac Gamesek egindako berrabiarazketa da oparitzen ari direna; jatorriz PlayStation 2an argitaratutako lana oinarritzat hartuta abentura dibertigarri zein ederra prestatu zuten garatzaileek.

Liburutegira gehitzeko jokoaren PS Storeko orrialdera joan beharra dago: bertan eskuratuta betirako gordeko da PlayStationen erabiltzaileentzat. Hori bai, apirilaren 1a baino lehen gorde beharko da, eskaintza bukatuko den eguna baita.

Ez da harritzekoa Ratcheten abentura hautatu izana opari bezala: ekainaren 11n estreinatuko da Ratchet & Clank: Rift Apart jarraipena PS5ean. Hortaz, kontsola berriko jokorik desiratuenetakoa dena erosteko aitzakia aproposa dakar ekimenak.

Insomniacena ez da izango Play at Homek eskainiko duen obra bakarra. Jim Ryan PlayStationeko buruak jakitera eman duenez, ekainera arte luzatuko dute egitasmoa: “Play at Homen ikusiko denaren hasiera baino ez da hau. Datozen asteetan doako bideo-joko gehiagori buruzko xehetasunak emango ditugu”.