Cities Skylines bideojokoa itzultzeko prozesua hasi dugu. Itzulpen zerbitzu automatikoak testuak euskaratzeko lana erraztu egingo du.
Bideojokoak Batua.eus itzultzaile neuronala erabilita euskaratzeko proiektua martxan jarri dugu Game Erauntsia Elkartetik. Bideojokozale euskaldunen komunitatea izanik, batzen gaituen zaletasun hori indartu eta gure hizkuntzarekin bat egiteko lan egiten dugu. Martxan jarritako proiektuen artean bideojokoak euskaratzeko ardura hartu izan du jokalarien komunitateak.
Orain arte itzulpenak egiteko prozesua eskuz egin beharrekoa izan da: bideojokoetako testuak hartuta hitzak eta esaldiak banan-banan euskaratu behar izan ditugu. Gaur, baina, lan luze eta temati hori asko erraztuko digun zerbitzua estreinatuko dugu.
Batua.eus-ek eskaintzen duen itzulpen zerbitzuarekin bat eginda bideojokoak era erraz eta azkarrago batean euskaratuko ditugu; adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzulpen zerbitzua da Batuarena.
Paradox Interactivek sortutako Cities Skylines bideojokoa hautatu dugu itzultzaile neuronala frogatzeko lehen proiektu modura. Zerbitzuarekin batera jokoa osatzen duten 10.211 testu kateak eta 106.399 hitzak euskaratzeko lanari ekin diogu.
Komunitatearen laguntza, beharrezkoa
Hala ere, itzulpen automatikoa behin erabilita itzulitako testu kateak errepasatzea ezinbestekoa da euskaratze prozesua era egokian gauzatu dela ziurtatzeko. Hori egiteko euskal jokozaleen komunitatearen laguntza nahitaezkoa da: Batuak egindako itzulpena Weblate plataforman txertatu dugu komunitatearen arteko elkarlana posible egiteko.
Weblatera sartuta erabiltzaileek bideojokoaren testu kate guztiak ikusi ditzakete. Onartu gabeko testu kateetan sartuta, Batuak egindako itzulpena ikus daiteke 'Machine translation' atalean; lehenengo agertzen den adibidea da ikuskatu eta onartu beharrekoa. Zuzen badago, 'copy and save' sakatzea nahikoa izango da onartzeko. Itzulpenak zuzenketaren bat behar badu, 'copy' sakatuta testu hori editatu ahalko da. Zuzenketak eginda, 'save' sakatzea baino ez duzu izango hurrengo testu katera igarotzeko.
Prozesua bukatzerakoan Cities Skylinesen jokalari euskaldunek euskarazko itzulpena bideojokoan erabiltzeko aukera edukiko dute. Gainera, egindako zuzenketek Batuak garatutako itzulpen zerbitzua hobetzen lagunduko dute, etorkizunean are euskaratze eraginkorragoak egin ahal izateko.
Animatu hortaz euskaratzeko proiektuan parte hartzera!
Iruzkinak