Wildfire Gamesen proiektura euskaraz jokatzeko aukera dago.
Age of Empires, Empire Earth edota Rise of Nations bezalako gero eta joko gutxiago ikusten diren arren, estrategia azkarra eskaintzen duten bideo-jokoen zale asko gelditzen dira oraindik. Horren adibide ezin hobea dira Wildfire Games estudioa osatzen duten garatzaileak. Elkarlanean, zalez eratutako estudio txiki hau 0 A.D. proiektua aurrera eramaten ari da.
Kristo aurretik 500. eta Kristo ondorengo 500. urteetan existitzen ziren zibilizazioak ardatz hartzen dituen estrategia jokoa da 0 A.D. proiektua. 2017. urtean kaleratu zuten lehen bertsioa publiko orokorrarentzat, baina ordutik hona gelditu gabe jokoari eduki gehiago gehitzen eta hobekuntzak gaineratzen ari dira Wildfirekoak. Orain gutxi alfaren 24. bertsioa kaleratu dute, hain zuzen ere.
Bertsio berri honek jokoaren esparru guztietarako nobedadeak dakartza. Hasteko, estrategia jokoaren unitate eta eraikin guztien oreka hobetzeko doikuntzak burutu dituzte. Garatzaileek nabarmendu dutenez, egin beharreko aldaketak erabakitzerakoan jokoaren jokalari onenetarikoen laguntza eduki dute, A24 bertsioan “are jostagarritasun orekatuagoa eskaintzeko”. Hori horrela, zibilizazio guztietan aldaketak egin dituzte, batez ere azken aroetan sakonduz. Heroiak behin bakarrik entrenatu daitezke, eta zibilizazio guztiek zalditegia eta armategia daukate orain.
Atal grafikoa edertzeko lanean aritu dira gainera. Horretarako hainbat elementurentzako modelo, animazio, testura eta material berriak eratu dituzte. Jokoak itxura txukunagoa edukitzeaz gain, zehaztazun historikoa areagotzeko aldaketak ere egin dituzte Wildfirekoek. Unitateen armak, armadurak eta arropak ez ezik, ontziak edota landaredia txukuntzeko lana gauzatu dute garatzaileek.
Anti-aliasing aukera gehitu dute errenderizazio moten barruan. Jokalariek anti-aliasik gabe jokatu edota FXAA eta MSAA maila desberdinekin aritzeko aukera dute oraindik aurrera; horiek pixelen arteko zerra edo gune zorrotzak leuntzeko balio dute. Zorroztasun filtro moldagarria ere gaineratu diote jokoari, eta ozeanoen shaderra hobetu dute maparen ertzetan hobeto ikus dadin.
Jokatzeko mapen kopurua handitu egin da A24 bertsioan: guztira zazpi mapa berri gehitu dituzte Liskar joko motarako. Eraikinak modu antolatuan eraikitzea gustuko dutenentzat ezaugarri aproposa gehitu dute. Ctrl tekla sakatuta kurtsorearekin elkarren artean jarri daitezke elkar ukitu gabe.
Aipatutako berritasunez gain era guztietako hobekuntzak txikiak jaso ditu estrategia jokoak: laster teklak nahierara aldatzeko aukera, unitateen formazioetan hobetzeak, interfazearen eta multijokalariko lobbyrako hobekuntzak eta askoz gehiago dakartza A24 bertsioak. Guzti horiek 0 A.D.-ren webgunean zerrendatu dituzte artikulu sakon batean.
Argitalpen ziklo hau orain arteko luzeena izan dela diote arduradunek, eta aurrerantzean egutegi arruntagora itzuliko direla diote.
Euskaratutako doako bideo-jokoa
0 A.D.-ra doan jokatu daiteke: garatzaileek beharrezko fitxategi guztiak eskuragarri dituzte beraien webgunean. Ez hori bakarrik, euskal bideo-jokozaleen talde batek proiektua guztiz euskaratzeko lana burutu zuen 2017an; Wildfire Gamesek euskara jokoaren hizkuntzetara gehitu zuen ondoren.
Hortaz, doako estrategia joko bikain honetara aparteko ezer egin gabe euskara hutsean jokatzeko aukera dago zaleen elkarlanari esker; dagoeneko euskaratuta daude A24 bertsioan gehitutako berrikuntzak.
Euskaratutako joko gehiagoren berri eduki nahi izanez gero, Game Erauntsiaren webgunean horien zerrenda eratu dugu.
Iruzkinak