Bideojokoen salmentak 822 milioikoak direla jakitera eman dute japoniarrek azken finantza txostenean.

Zerga urteko azken finantza txostena argitaratu dute Nintendokoek. Bertan kontsolen salmenta zifrak zehaztu dituzte japoniarrek: dagoeneko 107 milioi Switch baino gehiago saldu dira mundu osoan.

Hori horrela, azken urte fiskalean —2021eko apiril eta 2022ko martxoa bitartean, zehazki— 23 milioi Switch saldu ditu N Handiak. Kontsola motaren araberako zifrak ere eskaini dituzte: bertsio arruntak 13,5 milioi salmenta eduki ditu; OLED bertsio berriak, 5,8 milioi; Lite txikia da zifra eskasenak lortu dituena, 3,7 milioi salduta.

Aurreko zerga urtearekin alderatuta, saldutako kontsolen kopurua % 20 murriztu da. Nola ez, horren argudietako bat nazioarteko enpresa orok bizi duen osagarrien eta erdieroaleen eskasia dela azpimarratzen du Kiotoko taldeak; are gehiago, 2023an salmentak berriz murriztuko direla aipatzen dute. Zehazki, egungo urte fiskalean 21 milioitara iristea aurreikusten dute —gutxi direlakoan, edo—.

 

Pokémon, jokoen errege

Bideojokoen eta softwarearen salmenta datuak ere eskaini dituzte, ohi bezala. Guztira 822 milioi joko saltzea lortu dute Nintendokoek Switcha 2017an merkaturatu zenetik.

Pokémon frankizia da, zalantzarik gabe, azken hilabeteetan Nintendori etekinik handienak eskaini dizkiona: joan den urte bukaeran kaleratutako Brilliant Diamond eta Shining Pearl remakeek 14,64 milioi ale saldu dituzte; aurtengo Pokémon Legends Arceus-ek, berriz, 12,64 milioi salmenta eduki ditu.

Horien atzetik dabil Mario Kart 8 Deluxe nekaezina. Orain gutxi Game Erauntsiak euskaratutako lasterketa joko ezagunak 9,94 milioi ale saldu ditu azken urte fiskalean; horrela, 45 milioi salmenta izan ditu Switcheko bertsioak. Honi Booster Course Pass eduki gehigarri berriak gaineratu zaizkiola gehitu behar zaio: oraindik ez dago horien salmenten daturik, baina datorren urtera arte zirkuitu berriak jasotzen jarraituko du kart jokoen zortzigarren atalak.

Nintendoren azken joko handiaren salmentak ere aipatu beharra daude: Kirby and the Forgotten Land urte fiskala bukatzear zegoela estreinatu zen, martxoan, baina halere 2,65 milioi joko saltzea lortu du Hal Laboratory-ren bola arrosak.

Software salmentek, hardwarearenak ez bezala, bai bizi izan dute igoeratxoa azken zerga urtean: 235 milioiko salmentak eduki dituzte esparru horretan. Aurrekoan, ordea, 230 milioitan gelditu ziren.

Egungo zerga urtean bideojoko benetan handiak kaleratzea aurreikusten da: The Legend of Zelda: Breath of the Wild-en jarraipen desiratua 2023ko udaberrian iritsiko da printzipioz, adibidez. Hori baino lehenago Mario Strikers: Battle League, Xenoblade Chronicles 3, Splatoon 3 nahiz Bayonetta 3 bezalako jokoak merkaturatuko ditu Nintendok datozen hilabeteotan; Pokémon Scarlet eta Violet 2022 bukaeran helduko dira, gainera. Hala eta guztiz ere, 2023ko zerga urtean salmentek beherantz egitea aurreikusten dute, 210 milioi joko salduta.

Gaur arratsaldean Switchera iritsiko diren jokoei buruzko xehetasunak jasoko ditugu; izan ere, Indie World aurkezpena iragarri dute garatzaile independenteen lanen berri emateko.