Nintendo Switch-eko bideojoko arrakastatsura gure hizkuntzan joka daiteke orain kontsolan zein emulatzaileetan.

Bideojokoak eta euskara uztartzea da Game Erauntsia Elkartearen helburu nagusia. Hori lortzeko biderik eraginkorrenetako bat horrenbeste maite ditugun tituluak gure hizkuntzan jokatu ahal izatea bermatzea da. Ez da lan erraza, baina gaur euskarazko bideojokoen zerrendari beste obra ezagun bat gehituko diogu: Mario Kart 8 Deluxe arrakastatsua.

Jatorriz 2014an Wii U kontsolarako argitaratua, euskaratutako bertsioa 2017an Switch kontsola hibridorako egindako port-arena da. Bertsio honek hainbat berritasun gehitu zizkion lan originalari: ordura arte kaleratutako eduki gehigarriak bildu, eta bataila joko motarako zirkuituak, pertsonai zein ibilgailu berriak eta bestelako aldaketak gaineratu zituen Deluxek.

Mario Kart sagaren zale amorratua izanik, eta MK8 Deluxe azken 30 urte hauetako atalik borobilena dela kontuan hartuta, ez da zaila izan euskaratzeko titulua hautatzea. Ez hori bakarrik, Nintendoren lasterketa jokoen artean salduena da zortzigarrena: Wii Uko eta Switcheko bertsioen salmentak kontuan hartuta, guztira 50 milioi ale baino gehiago saldu ditu.

Orain hilabete batzuk, gainera, Nintendok are eduki gehiago jasoko zituela iragarri zuen. Booster Course Pack DLC-arekin 48 zirkuitu batuko dira Switcheko bertsioa: lehenengo zortzi zirkuituak iritsi dira jadanik —horri buruzko analisia argitaratu genuen Game Erauntsian—, eta horiek biltzen dituen 2.0 bertsioa da euskaratu duguna.

Menuetako testuak, hainbat irudi eta testura —pentsa lasterketak jokatzerakoan agertzen diren “Hasi!” edo “Zorte Txarra!” bezalako testuetan— eta beste hainbat elementuren itzulpena gauzatu, eta gero horiek jokoan sartu ditugu. Horretarako, kanpoko laguntza izan dugu: Mario Kart Translation Project-eko Atlas kidearen laguntza ezinbestekoa izan da irudi berriak sortzerako orduan.

Euskaratutako bertsioa Switch kontsolan —beste tresna batzuen laguntzarekin— nahiz Yuzu eta Ryujinx emulatzaileetan erabil daiteke. Itzulpen fitxategiak esteka honetan aurkituko dituzue; hauek dira bideojokoan txertatzeko jarraitu beharreko pausoak:

Nintendo Switch

  1. Jaitsi itzulpen fitxategiak esteka honetan sakatuz.
  2. Switch-aren Custom Firmware bat ezinbestekoa da itzulpena erabiltzeko. Honi buruzko informazio guztia hemen aurkituko duzu (ingelesez).
  3. LayeredFS tresnarekin sartu fitxategiak SD txartelaz baliatuta: SD txarleteko atmosphere/contents karpetan Mario Kart 8 Deluxen ID zenbakia duen karpeta bilatu (europar bertsioan 0100152000022000 izan beharko litzateke) eta itzulpen fitxategiak bertan kopiatu.
  4. Mario Kart 8ren ingelesezko bertsioa ordezkatu duzu. Euskaraz jokatzeko, jarri Switcha ingelesez.

Yuzu

  1. Jaitsi itzulpen fitxategiak esteka honetan sakatuz.
  2. Jaitsi Yuzu emulatzailea hemendik eta bete hasierako pauso guztiak bere webguneko gida jarraituta.
  3. Mario Kart 8 Deluxen fitxategiak lortu (ezin ditugu eskaini).
  4. Yuzuren menu nagusian MK8 Deluxe daukazun karpeta bilatu. Hori eginda, jokoen zerrendan agertuko zaizu. Egin eskuineko klik MK8 Deluxen gainean eta hautatu “Open Mod Data Location”.
  5. Irekitzen den karpetan deskonprimatu itzulpen fitxategiak.
  6. Mario Kart 8ren ingelesezko bertsioa ordezkatu duzu. Euskaraz jokatzeko, jar ezazu Yuzu ingelesez (joko bakoitzeko hizkuntza aldatzea posible da).

Ryujinx

  1. Jaitsi itzulpen fitxategiak esteka honetan sakatuz.
  2. Jaitsi Ryujinx emulatzailea hemendik eta bete hasierako pauso guztiak bere Github-eko gida jarraituta.
  3. Mario Kart 8 Deluxen fitxategiak lortu (ezin ditugu eskaini).
  4. Ryujinxen menu nagusian MK8 Deluxe daukazun karpeta bilatu. Hori eginda, jokoen zerrendan agertuko zaizu. Egin eskuineko klik MK8 Deluxen gainean eta hautatu “Open Mods Directory”.
  5. Irekitzen den karpetan deskonprimatu itzulpen fitxategiak.
  6. Mario Kart 8ren ingelesezko bertsioa ordezkatu duzu. Euskaraz jokatzeko, jar ezazu Ryujinx ingelesez (joko bakoitzeko hizkuntza aldatzea posible da).

Euskaraz dagoen bigarren Mario Kart

Orain aste batzuk zale euskaldun batzuek burutako Mario Kart Wii-ren euskaratzea ezagutu genuen; iragartzeko idatzi genuen albistean sarean zehar aurkitu genuela adierazi genuen. Hain zuzen ere, Mario Kart 8 Deluxe lokalizatzeko baliabideen eta tresnen bila genbiltzala egin genuen topo Wiiko jokoarekin.

Game Erauntsiaren lanaz hitz egin dugu, baina euskal bideojokozaleen komunitateak egindako ahaleginak ere nabarmentzekoak dira. Bai garatzaileek, bai zaleek, euskaraz jokatu ahal izateko gogor lan egiten dute: horren adierazlea da gure webgunean daukagun euskarazko bideojokoen zerrenda.

Azken hilabeteetan bi Mario Kart jokoak, FobosOuter WildsSuper Mario 64Owlboy eta askoz gehiago gaineratu ditugu zerrendara. Datozen asteetan are titulu gehiagoren berri emango dugu, adi beraz!

Erlazionatutako edukiak:

Erreportajea: Oskolak, derrapatzeak eta lagunen arteko haserreak: 30 urte Mario Kart-ekin

Analisia: Mario Kart 8 Deluxe – Booster Course Pass 1

Itzulpena: Mario Kart Wii maitatuaz euskaraz goza dezakezu orain!