Pasa den azaroan Xbox Seriesekin batera estreinatu behar zen jokoa. Multijokalariaren irudiak erakutsi dituzte garatzaileek.
Xboxeko zaleentzat Halo izan da beti marka honen jokorik desiratuenetako bat. Microsoftek Xbox Series kontsolek hasitako belaunaldi berriarekin Halo Infinite atal berria estreinatzeko asmoa zuen arren, “hainbat eragileren ondorioz” 2021era geroratzeko erabakia hartu zuen. 343 Industries garatzaileak Haloren blogean jakitera eman duenez, tiro jokoa datorren urteko udazkenean argitaratzea aurreikusten du.
Joseph Staten zuzendariak eman du berria: “bai, orduan argitaratuko dugu jokoa”. Staten uztailean gehitu zen garatzaile taldera, eta bere hitzetan egun horietan argitaratutako jostagarritasun trailerrak jasotako kritiken ondorioz “gauzak ondo egiteko denbora gehiago beharrezkoa” zela argi ikusi zuen 343 Industriesek. “Orduan erabaki genuen udazkenera berandutzea, taldeak gabonetan pilak kargatzeko denbora izan zezan eta urtarriletik aurrera jokoa erritmo osasuntsu batean garatzeko”.
Horren harira, Halo Infiniten estreinaldia “abenturaren hasiera baino ez dela” aldarrikatu du sormen zuzendariak. Bideo-jokoak duen hirugarren zuzendaria da Staten: Chris Leek bere kargua utzi ondoren kanpaina zuzentzeko ardura hartu zuen Statenek. Pierre Hintzek, berriz, multijokalaria gidatzeko lana hartu du bere gain.
Argitaratze datari buruz aritzearekin batera Infiniteren multijokalariaren irudiak erakusteko aprobetxatu dute blogeko artikulua. Armak, pertsonaia pertsonalizatzeko armadura desberdinak eta kokalekuak ikus daitezke horietan.
Halo Infinite Xbox Series, Xbox One eta PCrako garatzen ari dira. Horiez gain, Project xCloud hodei bidezko zerbitzuarekin gailu mugikorretan jokatzea ere ahalbideratuko dute.
Iruzkinak