E3 azokarik egon ez arren Xbox, Ubisoft edo Devolver Digital bezalako bideojokoen enpresek obra eta titulu berriak iragartzeko zuzenekoak egingo dituzte datozen egunotan.

Bideojokoen munduak estreinaldiak baino askoz gehiago bilduko ditu ekainean. Ohi bezala, aurkezpenak eta zuzenekoak izango dira nagusi hilabete honetan: industriako iragarpenik eta ezustekorik interesgarrienak ikusteko egunak izango dira hilabete erdialdekoak.

Hau guztia E3 azokaren desagerpenarekin lotuta dago; nahiz eta ReedPop enpresak Los Angelesko ekimena bertan behera uztea erabaki duen, bideojokoen enpresa handiak zein elkarte eta garatzaile txikiak beren kabuz ibiliko dira ekitaldiak egiten.

Xbox, Ubisoft, Devolver Digital eta beste hainbatekin batera egongo da, beste urte batez, Geoff Keighley kazetariak antolatutako Summer Game Fest ekimena. Bere aterpean ikusiko ditugu aurkezpen gehienak; batez ere garrantzitsuak dira indie bideojokoei lotutakoak.

Hutsune handia daukagu oraingoz, hori bai: Nintendo-koek ez dute Direct zuzenekorik iragarri. Oraindik astia dutela esan beharra dago, askotan halako ekimenak egun pare bat lehenago ezagutzera ematen baitituzte —ez da E3aren kasua izaten, baina aurten ez denez egingo… auskalo!—.

Aurretik Sony-koen PlayStation Showcase aurkezpena igaro dela azpimarratu beharra dago. Metal Gear, Marvel’s Spider-Man 2, Alan Wake 2 zein beste hainbat iragarpen utzi zizkigun talde japoniarrak burututako zuzeneko bereziak.

Hori guztia esanda, errepasa ditzagun hilabeteko aurkezpenik esanguratsuenak.

 

Guerrilla Collective

  • Noiz: Ekainak 7, 18:00etan
  • Non: Youtube eta Twitch
  • Zer: Titulu independenteen ekitaldiarekin hasiko ditugu udakoak. 52 lan inguru bilduko dituzte Guerrilla taldekoek; beren webgunean ikusitakoak ez dira ezagunegiak —Wrestlequest baino ez dut ezagutzen—, baina ziur joko interesgarriren bat edo beste ikus dezakegula.

 

Summer Game Fest

  • Noiz: Ekainak 8, 21:00etan
  • Non: Youtube
  • Zer: Geoff Keighleyren ekitaldia da udako handienetakoa; Summer Game Festek artikuluan aipatutako zuzeneko gehienak hedatzeko balio du, baina, horrez gain, berezko aurkezpena ere egingo dute. Ez dakigu zer erakutsiko duten aurtengoan —Kojima Death Stranding 2-rekin pasako ote?—, baina bi orduko iraupenarekin zer edo zer interesgarria egotea espero dugu.

 

Day of the Devs

  • Noiz: Ekainak 8, 23:00etan
  • Non: Youtube
  • Zer: iam8bit eta Double Fine garatzaileek indie jokoei zuzendutako aurkezpena egingo dute Summer Game Festa bukatu bezain laster. Kasu honetan ere ez dakigu zer ikusiko dugun, baina ziur Tim Schafer-ek eta lagunek aurkezpen dibertigarria prestatu dutela


Devolver Direct

  • Noiz: Ekainak 9, 00:00etan
  • Non: Youtube
  • Zer: Devolver Digital argitaletxea urteko indie obrarik handienak aurkeztera animatuko da berriz bere zuzeneko zoroarekin. Momentuz Volvi izeneko maskota ezagutzera eman dute —bere jokoaren protagonista izango al da?—, baina ez dakigu beste ezer. Iaz The Plucky Squire, Anger Foot eta Skate Story aditzera eman zituzten, beraz agian aurten errepikatu egingo dute.

 

Tribeca Games Spotlight

  • Noiz: Ekainak 9, 21:00etan
  • Non: Youtube
  • Zer: Tribeca filmen jaialdiak bideojokoei buruzko ekimenak ere biltzen ditu —zergatik ez—, eta aurten aurkezpena errepikatzeko asmoa dute. The Expanse: A Telltale Series edo Stray Gods ikusiko ditugu bertan, besteak beste.


Wholesome Direct

  • Noiz: Ekainak 10, 18:00etan
  • Non: Youtube
  • Zer: Indie tituluak, baina atseginak izateko baldintzarekin: hori da Wholesome Directak eskainiko duena ekainaren 10ean. Guztira 70 bideojoko baino gehiago erakutsiko dituztela agindu dute Wholesome Games-eko antolatzaileek.

 

Xbox Games Showcase eta Starfield Direct

  • Noiz: Ekainak 11, 19:00etan
  • Non: TwitchYouTube eta Facebook
  • Zer: Aipatutako ekimen guztietako begirada gehien harrapatuko dituena ekainaren 11n jarraitu ahalko dugu. Alde batetik, Xbox Games Showcasearekin Microsoft-ekoek datozen hilabeteotako eta urteotako titulurik handienak aurkeztuko ditu; bestetik, Bethesda-koek irailaren 6an kaleratuko duten Starfield desiratuari buruzko xehetasun guztiak eskainiko ditu Direct berezian.

 

PC Gaming Show

  • Noiz: Ekainak 11, 22:00etan
  • Non: Youtube eta Twitch
  • Zer: PC Gaming Showa bueltan da beste urte batez, eta, zelan ez, ordenagailuetara iritsiko diren bideojokoak uztartuko ditu. PC Gamer agerkariaren zuzenekoak 55 bat titulu erakutsiko ditu aurten. Horiekin batera elkarrizketak eta bestelakoak egingo dituzte.

 

Ubisoft Forward

  • Noiz: Ekainak 12, 19:00etan
  • Non: Youtube eta Twitch
  • Zer: Ubisoftekoek ez dituzte garai onenak bizi agian, baina horrek ez du esan nahi bideojokorik gabe dabiltzala. Gutxienez bi titulu handi erakutsiko dituzte aurtengo Forwardean: Assassin’s Creed Mirage eta Avatar: Frontiers of Pandora. Ezin gaitezke ahaztu Massive Entertainment-ekin garatzen dabiltzan Star Wars-en joko handiaz, noski. Bertan ikusiko ote dugu azkenik?

 

Capcom Showcase

  • Noiz: Ekainak 13, 00:00etan
  • Non: Youtube
  • Zer: Capcomek bere 40. urteurrena ospatzeko zuzeneko berezia egingo du aurten. Ez dute erakutsiko duten bideojokorik zehaztu, baina Dragon's Dogma 2 edo Exoprimal espero dira; nola ez, agian Resident Evil edo Monster Hunter agertzeko aukera ere egon daiteke.

 

RGG Summit 2023

  • Noiz: Ekainak 16, 05:00etan
  • Non: Youtube
  • Zer: SEGA eta Ryu ga Gotoku Studio hurrengo Like a Dragon (Yakuza) babenturen xehetasunak ematera animatuko dira RGG Summitarekin. Zehazki, Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name eta Like a Dragon 8 erakutsiko dituzte. Ustekabekoak ere egon daitezke: Judgment berriren bat, adibidez?

 

Jarrai itzazu Game Erauntsiarekin

Urtero egin bezala, aurkezpen interesgarrienak gure Twitch katetik jarraitzeko asmoa daukagu. Xboxekoena, adibidez, bai ala bai ikusi ahalko duzu gurekin batera. Horrez gain, erakutsitakoei buruzko informazio guztia eskainiko dugu gure blogaren bitartez: albisteak, iritzi artikuluak eta gehiago irakurtzeko aukera edukiko duzu gure webgunean.

Iragarpen guztiak gurekin batera ikusi nahi badituzu, zuzenekoen berri aldez aurretik izateko jarraitu Game Erauntsia FacebookTwitterInstagram edota Mastodon sare sozialetan edota batu zaitez gure Telegram taldera.