Summer Game Fest, Xbox Games Showcase, Devolver Direct eta zuzeneko gehiago ikusiko ditugu aste honetatik aurrera.

Ekainean sartu gara, eta, bideojokozaleek ondo dakitenez, aurkezpenen garaia hasi da. Ez da E3 azokarik, ez, eta ziurrenik ez dugu berriz ikusiko etorkizunean, baina horrek ez du esan nahi bideojokoen festa bukatu denik.

PlayStation-en State of Play zuzenekoa ikusi genuen pasa den astean, baina datozen egunotan dozena erdi bat egitasmo jarraitzeko aukera edukiko dugu. Nabarmenenak Xbox Games Showcase eta Nintendo Direct dira, Summer Game Fest ekimenarekin batera; hala ere, indie tituluak ardatz dituzten Devolver Direct, Day of the Devs edo Wholesome Direct ere ikusiko ditugu.

Beteranoekin jarraituz, Ubisoft bere Forward-arekin itzuliko da beste urte batez, eta PC Gamer agerkarikoek PC Gaming Show-aren 10. urteurrena ospatuko dute aurten.

Game Erauntsiatik hainbat jarraitzeko asmoa dugu: gure Twitch katean batuko gara, gutxienez, Xboxen eta Nintendoren ekitaldiak ikusteko.

Atera dezagun agenda!

 

Guerrilla Collective

Ekainak 6, 19:00etan
Non ikusi: YoutubeTwitch

Gutxik ezagutzen dute, baina ekaineko lehen aurkezpen klasikoan bilakatu da Guerrilla Collectivena. Zer aurkituko dugu bertan? The MIX (Media Indie eXchange) taldea garatzaile independenteek osatutakoa da, argi dago bera: indie tituluak izango dira nagusi. Adibidez, New Blood Interactive (Ultrakill, Dusk, Amid Evil) ibiliko dira bertatik.

 

Summer Game Fest

Ekainak 7, 23:00etan
Non ikusi: YouTubeTwitch

Udako aurkezpen nagusian bilakatzeko helburuarekin jarraitzen du Geoff Keighley kazetariak antolatutakoak, ea aurten lortzen duen… nork jakin, baina bi orduko zuzenekoa dator. Luzeegia askorentzat.

Bazkideen zerrenda luzea aurkeztu du Summer Game Festek: Bandai Namco, Capcom, Sega, Steam, Xbox… hori bai, auskalo denek parte hartuko duten. Metaphor: ReFantazio agertuko da, esaterako, eta, nola ez, Hideo Kojima ere bertatik igarotzea espero dugu.

 

Day of the Devs

Ekainak 8, 01:00etan
Non ikusi: YouTubeTwitch

Summer Game Festekin batera antolatzen den klasikoetako bat da Day of the Devs, eta interesgarriagoa, agian. Double Fine eta Iam8bit indie taldeek prestatutako ekimenak bideojoko txiki bezain bereziak bildu ohi ditu.

Devolver Direct

Ekainak 8, 02:00etan
Non ikusi: YouTube

Indiekin jarraituz, Volvy maskota itzuliko da beste behin. Devolver Directerako asmatutako izakiak guztion bihotzak harrapatzea lortu zuen iaz, eta aurten beste hainbat joko independente aurkeztera animatuko dira ezustekoz eta erorekiz betetako zuzenekoan.

 

Wholesome Direct

Ekainak 8, 18:00etan
Non ikusi: YouTube

Bideojoko atseginak eta goxoak batzen dituzte Wholesome Games taldeko arduradunek, eta horregatik maite ditugu. Horrela, estilo honetako obrak sortzen dituzten indie garatzaileei erakusleihoa proposatzen diete: edonork aurkez ditzake bere lanak. Aurten ez dute iragarpenen kopururik zehaztu, baina dozenaka titulu egon ohi dira Wholesomean.

 

Latin American Games Showcase

Ekainak 8, 19:00etan
Non ikusi: YouTube

Garatzaile latinoamerikarrek sortutako 70 bideojoko baino gehiago bilduko dituzte Raw Fury, Devolver Digital eta Fellow Traveller taldeek. Iaz hasi ziren aurkezpenekin, denetariko obra interesgarriak bilduta.

 

Women-Led Games Summer Game Fest

Ekainak 8, 20:30ean
Non ikusi: YouTubeTwitch

Izenak dioen bezala, emakumeek sortutako bideojokoak izango dira aurkezpen honen ardatza. Summer Game Festen aterpean, askotariko jokoak erakustea espero da.

 

Future Games Show Summer Showcase

Ekainak 8, 21:00etan
Non ikusi: YouTubeTwitch 

GamesRadar agerkariaren zuzenekoa ere indie bideojokoak biltzera dator: plataforma nagusi guztietan estreinatuko diren 50 titulu baino gehiago erakutsiko dituzte. Still Wakes the Deep, No Rest for the Wicked, Hauntii edo Holstin desiratuak aipatzen dituzte arduradunek.

 

Xbox Games Showcase + Black Ops 6 Direct

Ekainak 9, 19:00etan
Non ikusi: YouTubeTwitch

Denok espero dugun aurkezpena igandean ikusiko dugu. Handienetakoa delako, eta, aldi berean, Xboxek azken hilabeteotan edukitako arazoengatik: kaleratzeak, estudioen itxierak, multiplataforma jauzia…

Eta bideojokoengatik, noski. Doom berria (Dark Ages) ikusiko dugula aurreratu digute insider-ek, baita Gears of War ere. Horrez gain, iaz erakutsitako Fable, South of Midnight, Avowed eta beste hainbat ikusteko lekua ere izango da. Xboxekoen ostean Activisionen txanda dator: Call of Duty berria erakutsiko digute lehen aldiz.

 

PC Gaming Show

Ekainak 9, 22:00etan
Non ikusi: YouTubeTwitch

PC Gamerrekoen zuzenekoak hamar urte betetzen dituenez, zerbait berezia espero dugu. 50 bat bideojoko, elkarrizketak eta beste zenbait kontutxo agindu dizkigute aurtengo ekimenerako.

 

Ubisoft Forward

Ekainak 10, 21:00etan
Non ikusi: YouTubeTwitch

Ubisoftekoen aurkezpena bueltan da, eta aurten badute zer erakutsi. Star Wars Outlaws eta Assassin’s Creed Shadows ikusiko ditugu bai ala bai, baina Far Cry edo Splinter Cell berriak ere aipatzen dituzte zaleek. Ezin gaitezke ahaztu, zelan ez,  Beyond Good and Evil 2z. Ikusiko ote dugu?

 

Nintendo Direct

Eguna zehaztu gabe

N handiak ez du egunik baieztatu, baina Direct aurkezpena ikusiko dugula adierazi zuten orain aste batzuk. Hori bai: ez dute Switch kontsolaren oinordekoa aurkeztuko. Horren ordez, 2025 hasierara arte kaleratuko dituzte jokoak ezagutzeko txokoa prestatuko dute: Luigi’s Mansion 2 HD agertuko da, baina zurrumurruek hainbat kontu interesgarri aipatu dituzte.

Bat erdi baieztatuta dago: Dragon Quest agertuko da 2D-HD berregitea erakusteko, baina adi: hirugarren jokoarena soilik izan beharrean, Square Enix-ekoak lehen hiru klasikoen bilduma prestatzen dabiltzala dirudi.