PlayStation, Xbox edo Summer Game Fest ekitaldi handiak berotzen hasiak dira jada. Zuzenekoen ordutegiak ezagututa, jokoak ikustea geratzen zaie zaleei.
Iritsi da unea, beste urte batez, bideojokoen udari ekiteko. Azkar batean iritsiko da ekaina, eta, horrekin batera, aurkezpen handien egutegia osatzeko momentua da.
Izan ere, beste urteetan baino pixkat lehenago jakinarazi dituzte zuzenekoen ordutegiak enpresa handiek: State of Play, Xbox Games Showcase, Summer Game Fest, PC Gaming Show, Wholesome Games Direct eta beste hainbat ikusi ahalko dira egunotan.
Aldez aurretik zenbait ekimen txikiagoz gozatu dugu, gainera: egunotan Dragon Quest sagaren 40. urteurreneko jaialdia, Thinky Direct, Insider Gaming Showcase edo AG French Direct aurkezpenak burutu dituzte talde desberdinek, bestak beste.
Baten bat ezagutzea geratzen zaigu oraindik, beti bezala, baina datozen ia guztiak aurkituko dituzu prestatu dugun agenda honetan. Has gaitezen udako bideojokoen jaialdiekin:
The MIX Summer Game Online Showcase

The MIX (Media Indie eXchange) taldearen ohiko aurkezpenarekin sartuko gara ekainean. Indie jokoak izango dira erabateko protagonistak, garatzaile independenteen festa baita.
State of Play

PlayStationek ohi baino lehenago iragarri du bere ekimena, azken urteotan baino beranduxeago egiteko. Ekaineko lehenengoak izango direla dirudi, eta ordubete baino gehiago iraungo duen State of Play aurkezpena eskainiko dute oraingoan.
PlayStation 5eko tituluak izango dira izar nagusiak, zelan ez —PCrako jokalari bakarrarentzako jokoak kaleratzeari utziko diotela baieztatu ondoren—, baina misterio ugari daude. Bertan ikusiko dugun jokoetako bat ezagutarazi dute, hori bai: irailean estreinatuko duten Marvel’s Wolverine erakutsiko da beste behin.
Latin American Games Showcase

Garatzaile latinoamerikarren bideojokoak dira aurkezpenen honen ardatza. Aurten hamabost bilduko dituztela aurreratu dute, horietatik bederatzi lehen aldiz erakutsita: Shade Protocol, Kernel Hearts, Colorbound, Sigils of Nightfall, The War in Chiapas, edo Tenebris Somnia ikusiko ditugu.
Women-Led Games Showcase

Aurrekoa bukatu bezain laster hasiko da emakumezko sortzaileen lanak aditzera ematea bilatzen duen aurkezpen berezia. Bost bideojoko guztiz berri aurkeztu, eta aurretik ezagutzen genituen Soulframe, We Were Here Tomorrow eta Come to My Party igaroko dira bertatik. Ordubete inguru iraungo omen du.
Summer Game Fest
Udako ekimen handietako bat ekarriko ditu, beste urte batez, Geoff Keighley kazetariak gidatutako taldeak. Bi orduko iraupena edukiko duela adierazi dute, baina ez ditugu bertatik igaroko direnak ezagutzen: iragarpen handiren bat ikustea espero da, tartean iragarki ugari erakutsita.
Day of the Devs

Urtero lez, SGFa bukatuta, indie jokoei zuzendutako Day of the Devsen txanda izango da. Aldez aurretik ezagutzen genituen proiektu independenteak nahiz oraindik aditzera eman gabeko tituluak bilduko dira Double Fine eta iam8bit taldeek antolatutako saioan.
Southeast Asian Games Showcase

Kasu honetan, Asia hego-ekialdeko estudioen eta sortzaileen bideojokoak aurkezteko eta aditzera emateko zuzenekoa ikusiko dugu; gehienbat, indie eszena ezagutaraziko da.
Wholesome Games Direct
Udako aurkezpenen artean indie jarraitzaileentzat ekimen nagusienetakoan bilakatzea lortu du Wholesome Games kolektiboaren hitzorduak. Zergatik? Horren arrakastatsuak diren bideojoko atseginak biltzen dituztelako: aurten 50 bat obra egongo direla aurreratu dute, tartean Is This Seat Taken?, Usagi Shima eta Miki Delivery egonik.
Story-Rich Showcase

Fellow Traveller indie argitaletxeak antolatutako lehen ekimena izango da Story-Rich Showcase: izenak adierazten duen bezalaxe, narratiba eta gidoi sakonak eskaintzen dituzten bideojokoei bideratuta egongo da. Ez da harritzekoa, argitaletxekoek 1000xResist edo Citizen Sleeper zoragarriak kaleratu baitituzte.
26 bideojoko igaroko dira ordubeteko zuzenekotik, eta orain arte iragarri gabeko lanak egongo dira Happy Broccoli Games, SFB Games eta Rusty Lake bezalako taldeen eskutik..
Future Games Show Summer Showcase
GamesRadar atariak bere ekimenarekin jarraitzen du. Denetariko bideojokoak igarotzea espero da, baina saio bukaeran ikusi ahalko den bigarren ekitaldiak erakarriko ditu begirada guztiak. Archetype Entertainment garatzen ari den Exodus-en jokagarritasun bideoa erakutsiko dute; hau da, Mass Effect sagaren garatzaile ohiek sortutako RPG abentura berria.
Gayming Pride Parade

Egun berean, ordu berean, Summer Game Festekoek LGBTQ+ bideojokoak zein sortzaileak ardatz dituen lehen Gayming Pride Parade antolatuko du. Aurkezpenen, elkarrizketen eta jokoen artean Wylde Society, Neon Death Drop, Cute Patoots, Art of Solitaire edo Spill the Beans aurkituko dira.
Frosty Games Fest
Australiako zein Aotearo Zeelanda Berriko bideojokoak bilduko dituzte, bigarren urtez, Frosty jaialdian: 50 bat bideojoko aurkeztea espero da.
Xbox Games Showcase + Gears of War: E-Day Direct

Agendarekin bukatzen goaz, baina azken ekitaldi handiak geratzen dira oraindik. Xboxena izango da egunotako interesgarrienetakoa, ohi bezala, aurkezpen bikoitzarekin itzuliko baitira. Berritasun ugari zein Xbox Game Studios taldeko nahiz hirugarrenen enpresetako eta indie taldeetako bideojokoak ikusiko ditugu lehen zatian, Xbox Games Showcasean: Fable edo Halo: Campaign Evolved egongo dira bertan, edo hori espero dugu.
Hau bukatu bezain laster, bigarren atala hasiko da: Gears of War: E-Day desiratuari eskainitako aurkezpena. The Coalition estudioaren tiro jokoa 2024. urteko aurkezpenean iragarri zuten Xboxekoek, eta ordu hartatik desagertuta ibili da.
PC Gaming Show

Ordenagailuko bideojokoak batzen dituen PC Gaming Showa beste klasikoetako bat da: aurten hamabigarren saioa eskainiko dute. PC Gamer agerkarikoek antolatua, AAA jokoetatik hasita, indie txikiagoak ere aurkeztuko dira umorez betetako zuzenekoan.
India Games Showcase

Lehen aldiz antolatuko dute Indiako garatzaileei eta bideojokoei zuzendutako emanaldi berezia. Summer Game Festaren aterpean ikusiko dugun beste zuzenekoetako bat izango da, Visai Games —Venba ezagunaren egileak— bezalako taldeen parte hartzearekin.
Eta, Nintendo?
Hauek izango lirateke ia aurkezpen guztiak, baina jokalari handietako baten hutsunea nabari daiteke. Nintendorena, beti bezala. Kiotoko enpresak ez du udako aurkezpenaren berririk eskaini oraingoz. Baina, zaleak, zain daude.
Aurreko urteetan, gainerako Direct aurkezpenekin egin bezalaxe, egun pare bat lehenago iragarri du emanaldiaren data N handiak. Ekainaren 18an ikusi ditugu azken urteotan: iaz Donkey Kong Bananza-ri eskaini zioten esklusiboki, ekain hasieran Switch 2a merkaturatu baizuten.
Halere, aurtengoa interesgarria izatea espero da. Udan estreinatu behar diren bideojokoei buruzko berritasunak eskaintzea espero da: Star Fox, Splatoon Raiders, Rhythm Heaven Groove kaleratzear daude, eta, gainera, Fire Emblem: Fortune’s Weave-ri argitaratze data ezartzea ere espero da.
Ez dira espero ditugun bakarrak, ordea. The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulanaren berregiteari buruzko zurrumurruak entzuten gabiltza azkenaldian, eta, Nintendok beranduagorako gorde ezean, udan iragarriko omen du, urte bukaeran bideojokoa Switch 2an kaleratzeko.
Lander Unzueta
Iruzkinak