Urrian merkaturatuko den Nintendo Switch OLED bertsioarengandik aldentzeko estrategia abiarazi dute N Handikoek.

Prezio jaitsiera iragarri du Nintendo Switch kontsola hibridoak. Zehazki, jatorrizko modeloaren balioa merketzeko erabakia hartu dute Kiotoko enpresakoek. Europan 2017an merkaturatu zenetik 329,95 eurotako prezioa izan duen gailua 299 eurotara salduko da gaurtik hasita.

Dagoeneko hainbat saltoki handitan ikus daiteke beherapena; hainbat aldizkarik baieztatu dutenez, prezio aldaketa behin betikoa da. Prezio berbera mantentzen jarraituko dute Switch Lite zein estreinatzeke dagoen Switch OLED bertsioek. Izan ere, azken honetatik aldentzeko hartu dute lehen bertsioaren prezioa beheratzeko erabakia.

Urriaren 8an merkaturatuko duten OLED bertsio berria jatorrizko modeloaren berbera da itxura batean. Halere hainbat aldaketa eta berritasun ekarriko ditu kontsola hibridoaren eboluzioak: Switch originalaren pantailak dituen 6,2 hazbeteak txikiak egingo dira OLED modeloaren 7 hazbeteko pantailaren aldean. 64 GB-eko memoria, bozgorailu hobeak, ethernet kablearentzako sarrera eta gehiago gaineratuko dizkio gailu arrakastatsuari.

Hori horrela, jatorrizko modeloaren beherapenarekin 50 euroko aldea egongo da bi kontsolen artean: OLED bertsioa 349,95 eurotara kaleratuko da datorren hilabetean Mercury Steam garatzailea prestatzen ari den Metroid Dread desiratuarekin batera.