Clothes Line, Arima Lodge eta Voodoo Strikers hautatu dira lehenengo fasean: orain, azken epaimahaiak onena aukeratu beharko du.
Vigoko Unibertsitateak eta TI4 T&P ikerketa taldeak 3. ETIV-UVIGO Sariak antolatu dute. Bideojokoen lokalizaziorik onenak saritzea da ekimenaren xedea, hizkuntza desberdinak kontuan hartuta: horien artean, euskara.
Hautagaiak zehazteko lehen fasea burutu dute jada. Bigarren fasean ETIV ikasleen epaimahaiak Bikoiztutako jokoen lokalizaziorik onena, Bikoiztu gabeko jokoen lokalizaziorik onena eta Indie jokoen lokalizaziorik onena kategorietatik azken fasera igaroko diren hiru titulu aukeratu beharko dituzte.
Joko irisgarriena, Galizierazko jokorik onena, Katalanezko jokorik onena, eta, bukatzeko, Euskarazko jokorik onena kategorietan, berriz hiru titulu aukeratu dira lehen fasean; hortaz, hauek azken fasera igaroko dira zuzenean.
Josune Amboagek lokalizatutako Clothes Line abentura grafiko xarmagarria, Donostiako Praenaris taldearen Arima Lodge interesgarria zein Cokoon Games Lab nafarraren Voodoo Strikers kirol joko dibertigarria dira aurtengo ETIV-UVIGO saria eraman dezaketen euskarazko obrak.
Azken faseko epaimahaia prentsa espezializatuko profesionalek eta unibertsitateko irakasleek osatuko dute. Antolatzaileek diotenez, “inpartzialtasunik handiena lortzeko” itzulpengintzako profesionalen edo lokalizazioaren munduarekin, agentziekin, baita garapen enpresekin ere, nolabait lotutako jendearen parte hartzea saihestuko da erabakia hartzerakoan.
Itzulpengintzaren esparrua ezezagutzan geratu ohi da; hori horrela, lokalizazio profesionalekin egindako lana aldarrikatu gura dute antolatzaileek. Azaltzen dutenez, sariekin ez dituzte jokorik onenak izendatu nahi: “lokalizazio lana egiten duten pertsonei agerikotasuna eskaintzea, beren lana behar bezala balioesteko borrokan laguntzea eta komunitate historikoetako berezko hizkuntzei bultzada ematea” bilatzen da.
Ofizialki euskaraz
Sarietara aurkeztutako bideojokoek hainbat baldintza bete behar dituzte. 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean merkaturatutako jokoak baino ezin izan dira hautatu; are gehiago, “merkaturatze osoa” eduki duten tituluak baloratzen dituzte. Hau da, ezin dira birmasterizazioak edo sarbide goiztiarrak proposatu, besteak beste.
Itzulpenak baloratzera doazenez, joko baten lokalizazioa titulua kaleratu ostean inplementatu bada, hau gehitu den urtea hartuko da kontuan. Euskaratze ofizialak baino ez ditugu ikusiko sariotan; gainera, itzultzailea ofizialki akreditatuta egotea ezinbestekoa da.
Galizierazko jokorik onena eta Katalanezko jokorik onena kategoriek ere hautagai interesgarriak bildu dituzte aurten: Love Letter, O País dos Musicotrasnos zein Tintin Reporter – Cigars of the Pharaoh ikusi ditugu galegoz, eta 3 Minutes to Midnight, Arcanima: Mist of Oblivion eta Sol, dira katalanez aurkituko ditugunak.
Ekainera arte
Bigarren eta hirugarren faseak burutu ostean ezagutuko ditugu 3. ETIV-UVIGOko irabazleak. Antolatzaileek ez dute sari banaketaren galaren eguna zehaztu: 2025eko lehen seihilekoa bukatu aurretik egingo dela aurreratu dute, hori bai.
Iruzkinak