1985. urteko irailaren 13an argitaratu zuten bideojokoen historiarako hain garrantzitsua bilakatu den bideojoko famatua.
Jakingo duzuen bezala, aurreko irailaren 13an Super Mario Brosek, Nintendoren eta seguraski bideojokoen munduko pertsonaia famatuenaren lehen bideojokoak, 30 urte bete zituen. 1985. urtean estrenatu zen N.E.S (Nintendo Entertainment System) kontsolarako, mundu guztiak Nintendo bezala ezagutzen bazuen ere. Jokoak 40 milio kopia saldu zituen mundu osoan zehar eta asko izanda ere, meritua badu gehienontzat bideojokoen hastapenak ziren garai haietan lortu baitzuen. Marioren aita Shigeru Miyamoto dugu, Nintendo-ren ikur garrantzitsua, Marioren jokuez gain beste joku garrantzitsu askoren egile: The Legend of Zelda, Donkey Kong... 2012. urtean Asturiasko printzearen saria eman zioten.
Eta nork ez du ezagutzen Super Mario Brosen musika? Denok egin dugu txistu noizbait bere kantua, bideojoko zaleak izan edo ez. Ba musika Koji Kondo konpositorearen eskutik heldu zitzaigun eta joko famatu askoren musika egilea ere badugu: Punch Out, Zelda, Mario saga, StarFox...
Ordutik Mariok ibilbide luzea izan du, kontsola berean beste bi joko izan zituen, Super Mario Bros 3 tarteko, askorentzat Marioren jokorik onena. Ondoren Super Mario World eta Yoshi's Island, biak ederrak, izan ziren Super Nintendoan. 3Dtara egin zuen salto Mario 64 joko izugarriarekin eta GameCube kontsolan Mario Sunshine izan genuen ura botatzen zuen motxila batez zihoan Mario batekin. Azken urteetan Mario Galaxy 1 eta 2 izan ditugu Wii kontsolarako, biak ere maisulanak, eta WiiUn Super Mario 3D World, ona izanagatik Galaxy sagaren atzetik geratu dena. Ahaztu gabe New Super Mario saga osoa eta Nintendoren portatiletan atera diren Super Mario Land saga etab.
Mario beste joko askotan ikusteko aukera izan dugu. Hain garrantzitsua izan da Nintendoren pertsonaia, beste frankizia batzuk sortzeko balio izan duela. Horrela sortu zen Super Mario Kart saga, gaur egun ere, bere horretan jarraitzen duen karrera joko dibertigarria. Beste spin-off batzuk ere izan dira: Mario Party, Mario Golf, Mario Tennis...
Hau dena modu egoki baten ospatzeko Nintendok Super Mario Maker kaleratu zuen irailean. Super Mario jokoen pantaila editore bat da, gure erara sortu ditzakegu nahi ditugun elementuak ipiniz, eta gero hauek publikatu, horrela beste batzuek eginikoetan jokatzeko aukera ere izango dugu.
Eta etorkizunean zer? Jakingo duzuenez WiiU ez da Nintendoren kontsola salduena izan eta hein batean porrot bezala ikus dezakegu. Datorren urterako NX izenez ezagutarazi duten kontsola berria aterako dute. Orain arte dakigunari erreparatuz mahaigaineko eta eramangarriaren arteko kontsola hibrido bat izango dela dirudi. Mariok seguru presentzia izango duela kontsola berri honetan, eta potentzia nahikoarekin ateratzen badute, ez litzateke batere txarra izango Mario 64-aren bidetik mundu zabaleko Mario plataforma joko erraldoi bat aterako balute. Gainera potentzia honek third party enpresen babesa ekarriko luke eta kontsolaren arrakastaren bidean pauso handi bat litzateke. Baina hau etorkizuna da eta denborak bakarrik argituko digu hau dena.
OHARRA: Deia egunkariko Ortzadar aldizkarirako idatzitako artikulua
Iruzkinak