Abenduak ez dakartza bideojoko askorik, baina titulu interesgarriak estreinatuko dira gabonen aurretik.
Urtea amaitzear dago. 2023. urtea benetan oparoa izan da bideojokalarientzat —ez horrenbeste estudioentzat eta garatzaileentzat, kaleratzeen urtea izan baita, zoritxarrez—, eta azken hilabetean estreinatuko diren obrak ezagutzeko unea heldu da.
Batman Arkham joko zoragarrien itzulera, Dragon Quest berri bat —saga nagusikoa ez izan arren—, Avatar unibertsoan —James Cameron-ena, ez azken aire maisuarena— girotutako Ubisoft-en mundu irekiko abentura ikusiko ditugu datozen egunotan.
Ez hori bakarrik, azkenaldian kaleratutako jokorik ezagunenen port-ak edo berredizioak ere azalduko dira: Baldur’s Gate 3ren, Outer Wilds-en eta Cyberpunk 2077ren kasuak, alegia.
Batman Arkham Trilogy
- Argitaratze data: 2023-12-01
- Garatzailea: Warner Bros. Games / Rocksteady Studios
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: Switch
Zaldun ilunaren bideojokoak aipatu behar badira, argi daukagu: Arkham jokoen sagak ez du parekorik. Superheroien tituluez haratago doazen lanak dira, bideojokoen olinporaino iritsi arte. Denetariko kontsoletatik eta ordenagailuetatik igaro ondoren, Batman Arkham Asylum, Arkham City eta Arkham Knight ikaragarriak biltzen dituen bilduma gaur estreinatu da Switch hibridoan.
Akzioa, isilpea eta metroidvania erako esplorazioa uztartzen dituzte hiru bideojokoek, DCko komikien pertsonaien istorio landuarekin batera.
Origins eta Origins Blackgate kanpoan geratzen badira ere, bai ala bai jokatu beharreko trilogia da Rocksteadyrena. Zoritxarrez, lehen analisiek errendimendu arazoak aipatzen dituzte, baina ea eguneraketekin zuzentzeko gai diren.
Dragon Quest Monsters: The Dark Prince
- Argitaratze data: 2023-12-01
- Garatzailea: Square Enix
- Generoa: JRPG
- Plataformak: Switch
Dragon Questek Monsters azpisagan oinarritutako titulua jaso du gaur. The Dark Prince Pokémon erako JRPGa dugu: munstroak harrapatzen eta hezten ibiliko gara, ondoren hauei aginduak emanez borroketan parte hartzeko.
Esploratzeko mundu zabala eta anitza ikusiko dugu, gainera: Nadira erresuma benetan ederra izango dela dirudi. Proposamenak erakartzen bazaitu, jakin doako demoa dagoela eShop saltokian.
Steamworld Build
- Argitaratze data: 2023-12-01
- Garatzailea: The Station / Thunderful Publishing
- Generoa: Estrategia, kudeaketa
- Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch
Steamworld unibertsoa metroidvania, karta joko eta txandakako borroketan ikusi dugu, baina orain estrategiaren eta kudeaketaren munduan barneratzeko txanda iritsi zaio SteamWorld Buildekin.
SimCity-ren eta Dungeon Keeper-en nahasketa dela diote garatzaileek; horrela, robotez osatutako herria eraiki eta zaindu beharko dugu. Baliabideak uztiatzeko esploratzen eta eraikitzen ariko gara; ez hori bakarrik, gure langileak etsaien erasoengandik babestu beharko ditugu.
Cyberpunk 2077: Ultimate Edition
- Argitaratze data: 2023-12-05
- Garatzailea: CD Projekt RED
- Generoa: RPG, akzioa
- Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series
2020an kaleratutako mundu irekiko RPG ezagunaren behin betiko bertsioa helduko da abenduaren 5ean. Cyberpunk 2077ek orain arte jasotako edukiak eta adabakiak inplementatuko ditu Ultimate Editionek: Phantom Liberty espantsio bikainarekin batera 2.0 eguneraketa —eta laster 2.1 eguneraketa— ikusiko ditugu.
Bere garaian jokatu ez zutenek erabaki zuzena hartu zuten, ziurrenik… baina orain ez dago cyberpunk jokoa alboratzeko aitzakiarik. Gaur egungo belaunaldiko plataformetan ikusiko dugu soilik: horixe bera gertatu zen eduki gehigarri erraldoiarekin.
Outer Wilds
- Argitaratze data: 2023-12-07
- Garatzailea: Mobius Digital / Annapurna Interactive
- Generoa: Abentura, puzzleak
- Plataformak: Switch
Azken hamarkadako bideojokorik berezienetakoa eta zoragarrienetakoa Switchean jokatzeko aukera edukiko dugu laster. Outer Wilds Archaeologist Edition bertsio bereziarekin helduko da Nintendo etxera: honek ere eduki gehigarri guztiak ekarriko ditu, Echoes of the Eye espantsioa barne.
Esplorazioa eta puzzleak dira nagusi Mobius taldearen lanean. Ez dugu askorik aipatu nahi, benetan jokatu beharreko ezustez betetako abentura baita.
Avatar: Frontiers of Pandora
- Argitaratze data: 2023-12-07
- Garatzailea: Ubisoft
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series
Ubisoft bere mundu irekiko abenturekin itzuliko da; oraingoan, baina, lizentzia ezagun batean oinarrituko dira. Avatar filmeetan, alegia. Frontiers of Pandoran Na’vi estralurtarren tribuko kide baten rola beteko dugu. Lehen pertsonan Far Cry bezalako jokoen ohiko mekanikak ikusiko ditugu: tiroketetan, baseak konkistatzen eta ibilgailuetan —edo, hobeto esanda, Pandorako animalien gainean— ibiliko gara.
Artisautza elementuak, lehen zein bigarren mailako misioak eta askoz gehiago proposatuko dizkigu abenturak. Bukatzeko, egungo belaunaldiko gailuetarako izanik, sekulako atal grafikoarekin topo egingo dugu.
Baldur’s Gate 3
- Argitaratze data: 2023-12-??
- Garatzailea: Larian Studios
- Generoa: RPG
- Plataformak: Xbox Series
Laster jakingo dugu Baldur’s Gate 3ren azken portaren kaleratze data; zehazki, The Game Awards sarien aurkezpenean. Xbox Series kontsoletatik igarotzea falta zaio ziurrenik 2023ko ustekabekorik handienari: ez dira gutxi azken urteetako jokorik borobilena diotenak.
Larian Studiosen abenturan RPG eta mahai jokoetako tituluetan ikusitako ohiko elementu guztiak agertzen dira. Txandakako borrokak, hizketaldi mordoa, pertsonaien talde anitza eta aurrera egiteko aukera sorta zabala nagusitzen dira BG3n; hala ere, esparru guztietan erakusten duen maila bikainari esker RPG jokoetan adituak zein hasiberriak gatibatzea lortu dute.
Gaur, gainera, era guztietako hobekuntzak eta aldaketak dakartzan bosgarren adabaki erraldoia jaso du bideojokoak.
Bukatzeko, estreinaldiak pixkat alboratuta, aipatutako The Game Awards sariak izango ditugu: abenduaren 8an banatuko dira. Sariak bai, baina interesgarriagoak dira, ziurrenik, iragarpenak: BG3ren argitaratze dataz gain beste hainbat trailer eta ezusteko azalduko dira ekimenean.
Iruzkinak