Soldata estrak kobratzeari uko egin dio presidenteak, gutxieneko soldata irabaztearekin batera. Jazarpenari aurre egiteko arauak prestatu dituzte.
Activision Blizzardek bideo-jokoen industriaren erdigunean egoten jarraitzen du. Arraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpen salaketak egotzi zizkioten enpresari, eta AEBetako Burtsa eta Balore Batzordeak abusu kasuak ikertzeari ekin dio gainera. Enpresako langileen arteko harremanak eta egoera hobetzeko asmoz, Bobby Kotick Activision Blizzardeko presidenteak hainbat aldaketa burutuko dituela adierazi du.
Hasteko, Kotickek bere soldata murriztuko duela iragarri du inbertitzaileen webgunean zabaldutako mezu batean. Urteko 62.500 dolarreko soldata onartu du bertan, eta horrez gain soldata estrak kobratzeari utziko dio presidenteak. Urte hasieran 200 milioi dolarreko estra kobratu zuen enpresa barnean kanporatzeak ematen ari ziren bitartean, hainbat kritika jasota.
“Kasu batzuetan, langileak ez zeuden eroso kezkak aldizka adierazterakoan, edo beraien larritasunak ez ziren modu zuzenean edo aproposean heldu. Jendea benetan etsituta sentitzen zen, eta horregatik, barkamena eskatu nahi dut”, adierazi du Kotickek.
Egoera aldatzeko bost neurri proposatu ditu enpresaren buruak: enpresa barnean ematen den jazarpenari aurre egiteko tolerantzia hutseko politika, langileen aniztasuna areagotzea, sexu abusuen kasuetan arbitrajera joan beharra ekiditea, soldata parekotasunaren ikusgaitasuna areagotzea eta langileei informazio gehiago eskaintzea. “Egiteko asko dugu besteek jarraitzen duten enpresa izatea lortzeko”.
Blizzcon, bertan behera
Activision Blizzardek urtean behin egiten duen ekitaldi erraldoia bertan behera utzi dute. Blizzcon 2022 ez da egingo, enpresakoek “atzerapausoa eman” nahi dutelako “modu seguruan, irekian eta inklusiboan birimajinatzeko”.
Antolatzaileek “erabaki zaila” izan dela adierazi dute enpresaren webgunean, “baina zuzena dela” uste dute. Jazarpen salaketak eta bestelakoak aipatzen ez dituzten arren, pentsatzekoa da bertan behera uztea Activision Blizzardek gaur egun bizi dituen arazoen eta polemiken ondorio zuzena dela.
“Blizzconen edozein ekimenek gutariko bakoitzaren indar guztia eskatzen du aurrera egiteko, konpainia osoaren ahalegina asko maite dugun komunitateari prestatu duguna erakusteko desioa betetzeko. Une honetan, ekimen honetarako gure langileek erabiltzen duten energia talde desberdinei babesa eskaintzeko erabilgarriagoa dela ute dugu”, aldarrikatu dute Activision Blizzardekoek.
Iruzkinak