A Short Hike sarituaren egilea akzio abentura prestatzen ari da, besteak beste. Doako Ghost Town Festival eguneratzen ere dihardu.
Adam Robinson-Yu ‘Adamgryu’ indie sortzaileak esku artean dituen proiektuen berri eman du. Untitled Paper RPG interesgarria bertan behera geratu dela adierazi ondoren, hiru bideojoko ideia garatzen ari dela azaldu du bere itch.io webgunean.
Paperez osatutako mundua eta pertsonaiak protagonista zituen proiektua 2016. urtean abiatu zuela dio Adamek, nola ez, garaiko Paper Mario abentura berria ikusi ondoren —Color Splash, kasu honetan—. A Short Hike garatzerakoan “atseden txikia” eskaini zion UPRPGri, baina, denbora igarota, ez zuen berriz proiektuari ekiteko gogorik eduki.

Beharbada, “noizbait” berriz jarraituko duela dio, baina jokoaren ideiaren eskalak, prestatu gabeko narratibak eta borroka sistemak zalantzak sortu dizkiotela aipatzen du garatzaile independenteak.
Bitartean, horren luzez garatzen ibilitako tituluaren proba publikoki argitaratu du: “Zaleek oraindik UPRPGri buruz galdetzen didate”, azaldu du Adamek. “Hortaz, demoa argitaratzea ezer eskaini gabe geratzea baino hobea dela pentsatu gura dut”. Ordu pare bateko iraupena daukan joko txiki xarmagarria da, probatzeak merezi du benetan.
Untitled Paper RPGren demoa hemendik jaitsi daiteke.
Akzioa, rola, sareko roguelike-a… eta kalabazak
Adamek une honetan dituen hiru proiektuei buruzko xehetasunak ere eskaini ditu. Lehena akzioa eta abentura uztartzen dituen 3D abentura izango da; A Short Hikekin antzekotasun argiak erakusten ditu garatzaileak argitaratu duen lehen irudian, baina, esan bezala, oraingoan borrokak edo bestelako erronkak egongo direla ikus daiteke.

Bigarrena claymation estetika erabiltzen duen mikroRPG titulua dela azpimarratu du egileak; azkena, aldiz, plataforma jokoa da, baina sare bidezkoa, roguelike elementuekin. Bi hauen irudirik edo bideorik ikusi gabe geratu gara, oraingoz.
Tartean, aspaldi argitaratutako Ghost Town Festival gaurkotzen eta hedatzen dihardu Adamek. Itch.ion debalde aurkituko dugun online joko honetan halloween-erako kalabazak apaintzen ariko gara.
A Short Hike maisulanean, euskaraz!
Hainbat proiektutan aritzea eta hauek aurrera eramateko astia edukitzea ez da erraza, baina hori A Short Hikek izandako arrakastari eskertu behar dio Adamek. 2019an estreinatutako joko txikiak milaka jokalari maitemintzea lortu du xarmaz betetako proposamen ederra eskaintzeagatik.
Zale horien artean dago Josu Igoa; izan ere, titulua horrenbeste gustatu ondoren, hau euskaratzeko proiektua abiatu eta burutu zuen 2023an. PCan jokatu ahalko dugu gure mintzairan: horretarako, Igoak prestatutako fitxategiak jaitsi beharko ditugu. Informazio guztia berak idatzitako artikuluan aurki dezakezue.
Bestalde, blogean 2020. urtean hitz egin genuen A Short Hiki buruz lehenengoz, analisi txikia eskainita. Hauxe esan genuen bertan:
Atseden hartzeko eta erlaxatzeko joko aproposa da abentura zoragarri hau; esploratzeari ekinda ordu batzuk liluratuta eman ditut Robinson-Yuren bideojokoarekin. Askotan ez da gehiago behar, baina jorratzen dituen atal guztiak modu bikainean egiten ditu, azkenaldian jokatu dudan jokorik atseginenetakoa eginez.
Iruzkinak